300 lagunek babesa eman diote ekainaren 18ko herri galdeketari Leitzan

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 22a, 08:35
Mendialdeko 300 lagun bildu ziren igande eguerdian Leitzan, ekainaren 18ko galdera eta kantua aurkeztera.

Mendialdean, ‘Nahi al duzu Nafarroako herritarrok gure Etorkizuna politikoa modu askean erabakitzea? erantzun beharko dute lehenik eta baiezkoa bada, ‘Nahi al duzu Euskal Herri libre bateko herritarra izan?’ galderari 

300 lagun inguru elkartu dira maiatzaren 21ean, igande eguerdian, Leitzako plazan, Mendialdeko Gure Esku Dagok egin duen aurkezpenean. “Nahi al duzu Nafarroako herritarrok gure etorkizun politikoa modu askean erabakitzea?” eta baiezkoa bada, “Nahi al duzu Euskal Herri libre bateko herritarra izan?”. Horiek izanen dira ekainaren 18ko herri galdeketan erantzun beharreko bi galderak. 

 

Prozesu parte hartzaile bat egin eta gero zehaztu dituzte galderak eta gaurko aurkezpenean publiko egin dituzte. Ekimeneko kideek herritarrei parte hartzeko eta euren boza emateko dei egin diete. Inoiz eduki ez duten aukera bat delako. Euskal Herriaren etorkizuna erabaki ahal izateko inoiz egikaritzerik izan ez dute eskubidea.

Bertan erroldatutako eta 16 urtetik gorako biztanleak daude ekaineko herri galdeketan parte hartzera deituta. Goizueta, Arano, Leitza, Areso, Larraun, Lekunberri, Araitz eta Beteluko herritarrek euren etorkizuna erabakitzeko aukera izanen dute. Guztira, 6.630 lagunek izanen dute bozkatzeko aukera ekimeneko kideek egokitutako guneetan. Ekainaren 18az gain beste zenbait data ere izanen dira aurrez bozka eman ahal izateko. 

Bestalde, ekitaldian giroa berotzen joateko sortu berri duten abestia aurkeztu dute. La Jodedera taldeak sortu du abestia, eta eskualdeko musikari, abeslari, bertsolari eta musika ekoizleek parte hartu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun