Joanes Illarregi leitzarrak irabazi du 2017ko Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 2a, 07:27

Xabat Illarregi txapelduna, txapelketan parte hartu zuten bertze bertsolari gehienekin.

Xabat anaia txapeldun orde izan zen eta biek ordezkatuko dute Nafarroa ekainaren 10ean Saran jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan

Apirilaren 28an Leitzako Atekabeltz Gaztetxean jokatutako 31. Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan, Joanes Illarregi leitzarra izan da hirugarrenez txapelduna. 

 

Leitzako bertso-eskolako gaztetxoen agurrak eman dio hasiera saioari, eta Iker Mundiñanok egin zituen gai-jartzaile lanak. Guztira hamalau bertsolari gaztek hartu zuten parte lehenengo fase ireki batean. Gai orokorrarekin, lau oinekin eta hitza emanda bertsoak osatu ostean, Ekain Alegre, Idoia Granizo, Joanes Illarregi eta Xabat Illarregi aritu dira bigarren fasean. Azkenean, Joanes Illarregik jantzi du Nafarroako bertsolari gazteen txapela eta Xabat Ilarregi berriz, bigarren sailkatua izan da.

Biek ordezkatuko dute Nafarroa datorren ekainaren 10ean Saran jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan.

80 entzule inguru elkartu dira Leitzako gaztetxean, saioa bertatik bertara jarraitzeko, giro ederrean. Behin bukatuta, merendua izan da gaztetxean bertan, han bildutakoentzat.

Lehia formatuko ekimen honekin batera, Eskolartekoa, ikasturtean zehar egiten diren bestelako ekimenen bilduma da: bertso-merenduak, Bertso Eskolen Eguna, topaketak, Negulekuak, Udalekuak, sariketak, bertsopaper lehiaketa… Ikasleek bertso-eskoletan landutakoa jendaurrean erakutsi ahal izateko, beraien artean harremanak sendotzeko, hurbilekoak bertsozaletzeko, ahozkotasuna eta euskara klasetik kanpo lantzeko… parada ematen duten egitasmoak dira finean Eskolartekoa osatzen dutenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun