Abuztuaren 11n beteko du mendea Leitzako Udaletxeak eta hori baliatuta, herriko memoria bildu eta landu nahi izan du Udalak: «herritarrek inoiz ahaztuko ez duten zerbait antolatu nahi genuen. Hainbat aukera aztertu genituen: ekitaldiak, erakusketak, festak... eta azkenean horiek guztiez gain, herriarena den ondarea, herritarrei bueltatzea ederra izanen zela pentsatu genuen».
Julian Zabaleta Kultur Zinegotziak bere gain hartu zuen egitasmoa gidatzeko ardura eta batean eta bestean bila ari zela antzinako grabazio batzuen berri izan zuen «grabazio horiek bazirela jakin nuenean Donostiako filmotekara joan eta Madrilgo eta Bartzelonako artxiboekin ere kontaktuan jarri nintzen. Hariari tiraka hainbat pelikula bildu nituen: gehienak herri kirolen ingurukoak eta baten bat Sarrio paper lantegikoa, lantegia eta langileak lanean agertzen zirena. Txoratuta geratu nintzen grabazio horiek ikusita». Materiala biltzen segitzeko jakinmina piztu zitzaion orduan: «batzuekin eta besteekin hitz egin, argazkiak eskaneatzen eta biltzen hasi eta esku artean mordoxka nituela ikusitakoan, bilduma osatu genezakela pentsatu nuen».
MATERIAL BILKETA
Artxiboetan gordeta edo gutxi batzuen esku zeuden argazkiak lortzea bihurtu zen orduan erronka «duela 50 edo 100 urte, aukera gutxi zeuden etxeetan momentuko irudiak hartzeko. Kanpotik etorritako bidaiariak izaten ziren argazkiak egiten zituztenak, momentu historikoak irudietan biltzen zituztenak». Eta argazkiak askotan bisitariekin batera joaten ziren herritik: «inguruko udalerrietako artxibategietara joan behar izan dut material bila. Asko lagundu didate eta materiala lortzeko erraztasun asko eman dizkidate. Artxibategietako langileez gain, Joxepe Irigaray eta Joxe Etxegoienek emandako laguntza ere azpimarratu nahi nuke. Bi lagun hauen gidaritza ezinbestekoa izan baita liburu honek argia ikusteko».
HERRITARREN ESKUZABALTASUNA
Artxiboak ez dira izan, ordea, material iturri nagusiena «herritarren eskuzabaltasuna azpimarratu behar da. Leitzako herritarrek eureen etxeetako ateak ireki dizkidate eta argazkiak eta informazioa eskaini». Kontuan izan behar da argazki-kamera ez zela denon eskura zegoen tresna «familia batean edo bestean asko aurreztu ondoren argazki-kamera bat erosten zen... baina argazkiak une berezietan bakarrik ateratzen ziren. Familiek ez zituzten gaur egun ditugun argazki bilduma haundi horiek, ezta gutxiago ere». Horregatik argazkiak askorentzat erlikia bihurtzen dira.
Material hori guztia gizarteratzeko bitartekoa izanen da Leitza argazki zaharretan liburua «leitzarrei euren historiaren zati bat bueltatu nahi zaie; beraien irudiak, ezagunenak, bizipenak… erakutsi nahi zaizkie. Batez ere, norberak bere etxean disfrutatzeko, beste garai batzuetaz oroitzeko edota historia barrenean sartzeko; altxorrez jositako liburu bat egin nahi izan dugu».
GARAIA ZEHAZTU
XX. mende hasieratik erdialdera arteko Leitzako historiaren bilduma da osatu dutena. Argazkien bilketa orokorra egin zuten hasieran baina, kopurua handitzen zihoala ikusita garaia determinatzea ezinbestekoa izan zen: «horrela beste lanketa batzuk egiteko aukera izan nuen, argazkiekin batera orduko egunkarietan eta artxiboetan jasotzen ziren gertakariak bildu eta argazkiekin harremantzekoa. Argazki bilduma izateaz gain, momentuan momentuko bitxikeria eta albisteak ere bildu nahi nituen». Dena den, garaia mugatuta ere, ez da berriketakoa izan bildutako argazki kopurua «3.000 argazkitik gora bildu dira eta guzti horien artetik 700 inguru aterako dira liburuan. Aukeraketa egiterakoan ahalik eta ikuspegi zabalena bildu nahi izan dugu».
HAINBAT BITXIKERIA
Ez dira gutxi izan argazki horien artean aurkitutako bitxikeriak «argazki guztiek badute berezko berezitasun hori. Zuri-beltzean duela 100 urteko Leitza irudikatzen dute: bertan azaltzen diren pertsonak, euren begiradak, momentuan egiten ari direna… hamaika istorio atera litezke argazki bakoitzetik». Besteak beste, emakumezkoen presentzia aipagarria da oso «dantzan, antzerkian, pestan, paseoan, lanean... ageri dira argazki askotan eta ez da ohikoa hamarkada horietan emakumezkoak argazkietan agertzea. Irudi horiek balio berezia dute».
Argazkiak ikusita, inork gutxik ezagutzen zituen ekitaldien berri ere izan du Julianek «Leitzan bertan eski txapelketak egiten ziren. Gaur egun inolaz ere ez nituenak imajinatuko. Dirudienez, trena hartuta jendetza etortzen zen Leitzara eskiatzera eta txapelketa hauek jarraitzera. Horren erakusle diren argazkiak aurkituko ditu irakurleak liburuan».
PERTSONAIA HISTORIKOAK
XX.mendeko pertsonaia historiko garrantzitsuek ere bisitatu zuten herria «Leitzaundi, Iruñea pare, Madrilek ere nahi luke esan izan da, eta argazki bilduma honekin ohartu naiz ez dela gutxiagorako. Mende gatazkatsu horretan pertsonaia ugari eta bereziak pasa ziren herritik: Orixe idazlearen bisita argazkietan izateaz gain, Primo de Rivera eta Wuhuko (China) apezpikua zen Vicente Huarteren irudiak ere baditugu».
HERRIAREN ALDAKETA AGERIAN
Begi-kolpe batez nabari dira duela mende bateko Leitza eta gaur egungoaren arteko desberdintasunak «duela 100 urteko herriak ez du deus ikustekorik Sarrio paper lantegia eraiki ondorengoarekin. Kaleak, Plazaola, etxeak, bideak... Elizak berak ere aldaketak jasan ditu. Ikaragarri polita da garai bateko argazkiak gaur egungoekin alderatzea». Hain zuzen, alderaketa hori egiteko aukera izanen dute herritarrek aste gutxi barru. Maiatzean erakusketa osatuko dute Aieneko garbilekuan «osotara 60 argazki egonen dira ikusgai. Garai bateko 30 argazki jarriko ditugu eta gaur egun, toki berean argazkia aterata zer ikusten den jakinen dugu. Batean eta bestean ikusten dena konparatu eta alderaketa hori egitea herritarren esku egonen da gero».
LIBURUA MAIATZEAN ESKURAGARRIA
Maiatzaren 26an kaleratuko dute 2015ean ontzen hasi ziren proiektuaren emaitza. Leitza argazki zaharretan liburuaren aurkezpena 19:00etan izanen da Udalatxean. Ondotik, salgai jarriko dute Maimur eta Astitz liburudendetan 20 euroren truke. Herriarena dena, herriari itzuliz.
Motzean
• Elkarlanaren emaitza da liburua...
Gure herrietan batzuetan hain errotuak dauden diferentzia ideologikoak alde batera utzi ditu jendeak eta parez pare ireki dizkidate ateak euren etxeetan dauden argazkiak erakusteko eta biltzeko. Ez da ahaztu behar, bilduma honetan Euskal Herriarentzako gogorrak izan diren urteak biltzen direla. Horri ere islada eman behar genion, ahalik eta ikuspegi zabalenarekin, argazki-bilduma hau gure historiaren erakusleihoa izatea lortu nahi banuen.
• Zein da hurrengo pausoa?
Argazki liburu hau hasiera dela uste dut. Herri batek izan behar duen historia irudikatuaren lehenengo urratsa da. Oraindik lan asko dago egiteko, jakin badakit oraindik badaudela argia ikusi ez duten argazki dexentei. Espero dut behin bilduma hau argitaratuta horiek ere azaltzea. Argazkien kontu hau ez baita idazle eta liburu egileen ondarea, baizik eta herri oso batek izan behar duena. Espero dut urteen poderioz, udaleko artxibategian bildu ditugun argazkien kopurua handitzea eta Leitzak berezko fototeka izatea pertsona guztien kontsultarako irekia..