Abel Barriola: «Naizen guztia zor diot pilotari»

Ttipi-Ttapa 2017ko api. 22a, 09:00

Hemeretzi urtez profesionaletan aritu ondotik, maiatzaren 7an bukatuko du ibilbidea Abel Barriolak

Badira egia bihurtzen diren ametsak. Eta zer ederragorik ametsa noiz bukatzen den norberak erabakitzea baino? 2016ko abenduaren 2an ­iragarri zuen Abelek binakako txapelketa ­bukatutakoan utziko zuela pilota eta maiatzaren 7an Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatuko du azken partida. TTIPI-TTAPA aldizkariarekin bildu da leitzarra, memoria eta emozioak ­dantzan jarrita, urte hauetako ­ibilbideari ­errepasoa emateko.

 

Amazabal pilotale­kuan eman zituen lehenbiziko errestoak Abelek: «etxe­ aurrean nuen frontoia eta irekia egoten zen beti. Bizia bertan egiten genuen». Umetatik izan zuen argi pilotaria izan nahi zuela: «nire izarrak herri-kirolariak eta pilotariak ziren. Tartean genituen herritarrak, Juan Mari eta Migel Bengoe­txea adibidez. Argi neukan beraiek bezalakoa izan nahi nuela handia nintzenean. Eta helburu hori lortzeko ahal nuen guztia egiten saiatu nin­tzen».
Garaitsu hartan sortu zen Aurrera pilota eskola eta bertan sartu zi­tzaion  barruraino pilotarako afizioa: «herrian ari­tzen nintzen entrenatzen eta 16-17 urterekin Iruñera joan nin­tzen, Paz de Ziganda Ikastolako klubean aritzeko. Handik, zuzenean, profesionaletan debuta egin nuen».  

«ZORIONTSU IZAN NAIZ»
Hemeretzi urte pasatu dira ordutik eta denbora azkar pasatu dela dio: «gustuko duzun zerbait egiten ari zarenean erraz pasatzen dira ur­teak». Argi du: «zorion­tsu izan naiz. Pila bat disfrutatu dut momentu on zein txarrekin. Pilotari nik eman diodana baino askoz gehiago eman dit pilotak niri».

Debutatu eta denbora gutxira lortu zituen lehenbiziko bi txapel nagusiak (2001ean lau t’erdikoa eta 2002an buruz burukoa). Binakakoa, be­rriz, gehixeago kosta zitzaion (Irujore­kin irabazi zuen 2014an). Tarte ho­rretan askotan izan zen txapeldunordea «finala galtzeak beti ematen du mina. Nik ulertzen dut bizitzan gauza larriagoak badaudela baina, finala galtzen duzunean, momentu horretan gerta daitekeen gauzarik txa­rrena da». Dena den, final horietatik ere ikasten da zerbait «ezin zara horri buel­tak ematen aritu. Baloratu behar da finalean egotea oso zaila dela eta urte askoan goi mailan egotea ere ez dela erraza».
Ihes egindako txapelen artean dago 2008ko buruz burukoa  «Oinatz eta bien arteko finala berezia izan zen. Ez nuen txapela lortu baina oroi­tzapen go­xoa dut oso. Herriak momentu polit bat bizi izan zuen guregatik eta guk herriarengatik ere bai. Pilota partida batek lortu zuen bes­tela ia ezinezkoa zena; he­rri osoa elkartzea. Hori ikustea oso polita da».

 



ZALEEN BABESA
Kirolaren majiaz ere hitz egin du Abelek «partida ona jokatu eta jendeak zu ikusten asko disfrutatu duela nabaritzeak bete egiten zaitu. Txapelketan gerta liteke eta baita festetako jaialdi batean ere. Hori da majia. Ikuslea partidan sartuta dagoela nabari duzu, txaloka, zutik... momentu horiek ahaztezinak dira».
aldaketa pilotan
Hemeretzi urte hauetan gizartean izan diren aldaketek kirolean ere islada izan dutela uste du: «geroz eta indar gehiago hartzen du espektakuluak eta horregatik, agian, aurrelarien jokoari garrantzia gehiago ematen zaio batzuetan». Ez da ahaztu behar, ordea, atzean ere eutsi egin behar zaiola «fisikoki oso lan gogorra da. Askotan eskuetatik sufri­tzen ari zara baina segi egin behar duzu. Zorionez, pilotari eta ikusle askoren­tzat espektakulua baino askoz gehiago da pilota: baloreak, esfortzua, lana...».
Bere ibilbidean hainbat belaunalditako pilotariekin lan egiteko aukera ere izan du eta pilotaria apenas aldatu dela iruditzen zaio: «gu gazteak ginenean ilusioz gainezka geuden, mundua jateko gogoarekin eta orain heldu diren gazteak ere berdin-berdin heldu dira». Etorkizuneko pilotariak direla esaten da baina «ez dira etorkizuna, oraina dira. Haiek kantxan ikustea besterik ez dago... Daukaten adinerako oso helduak dira, pilotari erres­petu handia diote, oso serioak dira bere lanean eta kalitate handia duten pilotariak dira. Argi daukat esku-pilotaz ­dis­frutatzen segitzeko aukera izanen dugula».

AZKEN PARTIDAK
Martxoaren 31n jokatu zuen Abelek azken partida Leitzan eta apirilaren 18an Labriten aritu ondotik, hiru hitzordu  geratzen zaizkio. Apirilaren 23an Gasteizko Ogeta pilotalekuan ariko da eta 30ean Eibarko Astelenan. Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatuko du azken partida «momentu horre­tarako, urduritasun puntua, beldurra, poza handia... denetik izaten duzu. Pasatzeko gogoa ere bai. Baina gauza guztien gainetik, disfrutatzeko momentuak dira».
 Profesionaletako ibilbideari agur esanen dio baina argi du beti egonen dela pilotari lotua «Nire eskola izan da pilota, naizen guztia zor diot. Barrutik ateratzen zaidan zerbait da, zerbait naturala. Beti bizitu izan eta biziko dudana».

 

«Pena izan da Oinatzekin gehiago ez jokatu izana. Gure ibilbidean gehiago ez elkar gurutzatzea. Bera Asegarcen egon da eta ni Aspen eta hala tokatu da».

 

«Iaz Ezkurdiak eta aurten Altunak, ­binakako lehenbiziko txapela nirekin lortzea­ nahi nuen, baina ez da posible izan. Arantzatxo hori geratu zait barruan».

 

«Ibilbideari bukaera polita eman nahi nion kantxan, pilotan ongi jokatuz. Momentuz lortzen ari naiz eta hala izatea nahi nuke bukaerara arte».

 

 

Motzean

Momenturik gozoenak...
Txapelak irabaztea beti da polita, lan asko dagoelako atzetik. Zaila da eta lortzen duzunean, berezia sentitzen zara. Baina zure ibilbidea kolokan ja­rri duen lesio batetik ateratzeak, esanen nuke, orain­dik eta aho-zapore hobea uzten dizula. Bi lesio larri izan ditut nik, bat eskuan eta bestea belaunean. Zure burua berriro ere zuriz jantzita pilotan jokatzen ikusten duzunean, isilean egindako lanaren ordaina jaso­tzen duzu. Oroitzapen politenak horiek dira.

• Erabakia hartzea...
Erabakia ez da erraza, oso zaila da. Bizi guztian egin duzun gauza bat delako, zure pasio eta afiziorik handiena izan delako. Pilotan jokatzeari utzi egin behar diozulako... horregatik zaila da baina alde ona ere ikusi behar zaio. Pribilegiatu bat izan naiz, hemeretzi urte baino gehiago profesional munduan egoteagatik, zoriontsu izan naiz mundu honetan... Horren polita izan da ibilbidea, bukaerak ere polita behar zuela izan. Debutaren momentua ez dago zure eskuetan, baina bukaera nire eskuetan egotea nik uste pribilegio bat dela eta gauza oso polit bat dela erabakia nik hartzeko aukera izatea

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun