Krosa herrigunera hurbiltzeko asmoz, ibilbide berria estreinatu zuten iaz eta aurten ere, helduek kale nagusia, alde zaharra eta mendi ingurua lotzen dituen 4,5 km-ko ibilbidea edo 9km-koa izan zituzten aukeran. Ibilbide laburrean, esprinta jota, herritarren arteko lehia ikusi izan zen azken segundoetan.Hurrenez hurren, helmugaratu ziren Gorka Bermejo, Beñat Saralegi eta Oskar Ariztimuño leitzarrak. Lehenbiziko hiru emakumeak berriz, Marta Muñoz, Arantxa Atxukarro eta Estibaliz Gezla izan ziren.
Ibilbide luzean Elorrioko Aitor Mibenza izan zen lehenbiziko gizonezkoa (00:31:43). Lehenbiziko itzulian Hassan Ait Chou, iazko irabazlearekin lehia estua izan zuen, baina billabonatarra erretiratu ondotik, erabateko nagusitasuna erakutsi zuen bizkaitarrak. Bere atzetik, Oscar Primo (00:34:08) eta Asier Latxeta (00:34:12) iritsi ziren helmugara. Lehenbizko emakumea Ibarrako Maialen Muñoz izan zen (00:41:43) eta bigarren postuan bukatu zuen lasterketa Eguzkiñe Zabaleta leitzarrak (00:43:47). Podiuma osatuz, Nagore Arizaga izan zen hirugarrena (00:49:01).
Kategoria bakoitzeko irabazleek, bertako produktuekin osatutako saskiak eskuratu zituzten eta herriko komertzioetan erosketak egiteko 16 opari-txartel ere zozketatu zituzten. Antolaitzaileak gustura geratu dira ikusle zein kirolariek emandako erantzunarekin: «aurten gainera, iaz baino emakumezko gehiagok parte hartu dute, gizon eta emakumeen portzentajea orekatuz».