Familien Txokoa martxan da Leitzako Itzaire haurreskolan

Ttipi-Ttapa 2017ko mar. 24a, 09:24
Leitzako Itzaire haurreskola.

Zaintza lanak lehenetsi eta haurrekin egoteko denbora eta patxada hartzea du helburu 

Otsailean jarri zen martxan Familien Txokoa, adin txikikoen sarea osatzen duten Gizarte Zerbitzu, Osasun etxea eta Itzaire Haurreskolaren eskutik. Espazioa 0-3 urte bitarteko haur eta beren gurasoei zuzenduta dago. Zaintza lanak lehenetsi eta haurrekin egoteko denbora eta patxada hartzea du helburu. Horretarako bi ildo lantzen dira, haur-guraso harremanak sustatu eta gai desberdinen inguruko erreflexioa.

 

Aldaketa handiak gertatzen dira bai haurrengan, eta bai familiengan ere haurra jaio eta lehenengo urteetan. Haurrentzat oso garai garrantzitsua  eta sentikorra da, etorkizunerako oinarriak ezartzen baitira garai horretan.Gurasoentzat aldiz, beti ez da erraza izaten, haurraren garai garrantzitsu honi nahi bezala erantzutea.Gainera, zailtasunak askotan familien intimitatean geratzen dira bakardade sentsazioa nagusitzen da. Eskualdeko adin txikikoen babes sareak, horretaz jabeturik, ahal den neurrian familiei laguntza eta babesa ematekoa asmoz Familien Txokoa sortzeko proposamena luzatu zuen. Leitzan bi talde osatu dira eta otsailean ekin zioten ibilbideari.

Gizarte zerbitzuak, Osasun-etxeak eta udal-haurreskolak elkarlanean, espazio egokitua eskaintzen dute Itzare haurreskolan, 0-3 adin tartean dauden haurrak dituzten familiei. Batzuen eta besteen esperientzietan oinarrituaz, elkarri laguntzeko, eta solasean nahiz jolasean parte hartzeko.

Espazio hori harrera lekua da, epaiketarik eta klase magistralik gabekoa. Gurasoak eta hezkuntzako profesionalak, haur txikien heltze prozesu horretan bidelagun dira, elkarri laguntzen diotehaurren hazkuntza eta hezkuntzari modu egoki eta ahalik eta osasungarrienean.

Bi ildo ezberdin lantzen dira.  Alde batetik guraso eta haurren arteko harremana sustatzekoa, beraiekin egoteko eta ongi pasatzeko tartetxo bat hartuaz, masajea, kanta eta jolasaren bidez. Bestetik, erreflexioa haurrei adin horretan gertatzen ari zaiena ulertzen saiatuaz eta helduek ere euren jarrerei buruz gogoeta egiteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun