Leitzako eragile desberdinak bilduko ditu Ateka Asteak martxoaren 22tik 30era

Ttipi-Ttapa 2017ko mar. 21a, 07:24
Sagrario Lasarte eta Anttonio Sagastibeltza Chiosen lanean. Siriar errefuxiatuen inguruko hitzaldia eskainiko dute bi leitzarrek martxoaren 30ean, Ateak Astea borobiltzeko.

Harribeltz rokodromoa larunbatean aurkeztuko dute

Leitzako Atekabeltz Herrigunean biltzen diren herriko eragile desberdinen erakusle izanen da bigarrenez antolatu duten Ateka Astea. Martxoaren 22an hasi eta 30era arte, ekitaldi ugari eta anitzak dituzte prest. Tartean, Atekabeltzeko ganbaran auzolanean egin duten Harribeltz rokodromoaren aurkezpena eginen dute larunbatean.

 

Martxoaren 22an, asteazkenean 19:00etan eskaladaren inguruko bideo proiekzioa izanen da.

Martxoaren 23an eta  29an LeitzEko kontsumo taldeak eta Udalak elkarlanean antolatu dituzten energia jardunaldien topaleku izanen da Atekabeltz herrigunea. Lehenbiziko saioan Ainhoa Intxaurrandietak Zenbat energia dago hondakinen atzean? Ekoiztu-bota-erre eredua ezbaian hitzaldia eskainiko du. Bigarrenean berriz, Sustrai Eraikuntzako Xabier Zubialdek Garraioa arazoa da? Posible da burujabetza energeti­koa garraio eredu honekin? Garraioaren gako batzuk hitzaldia eskainiko du. Bi saioak 19:00etan izanen dira.

Martxoaren 24an Iñaki Ziarrustak Bihotz salataria antzezlana taularatuko du, ostiralean 22:00etan. Edgar Allan Poeren lanean oinarritutako misterio eta beldurrezko ikuskizuna.

Martxoaren 25a Harribeltz rokodromoaren aurkezpen eguna izanen da. Umeen­tzako eskalada jokoak antolatu dituzte larunbatean 11:00etan eta 16:00etan Bulder txapelketa (izen-ematea 15:30ean). 20:00etan afarimerienda eta 23:00etan kontzertuak: Tocan2 la polla eta Nafarroa 1512.

Martxoaren 28an, asteartean 19:00etan Askapena taldeko kideek 'Brigadetatik herri boterea eraikitzen’ hitzaldia eskainiko dute, 2017ko brigaden aurkezpena eginez.

Martxoaren 30ean, ostegunean 19:00etan Siriar errefuxiatuen inguruko hitzaldia eskainiko dute Chiosen boluntario egon diren Anttonio Sagastibeltza eta Sagrario Lasartek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun