Irudimena eta umorea gainezka Leitzako inauterietan

Ttipi-Ttapa 2017ko urtarrilaren 23a

Batetik edo bestetik ideia aterata, mozorro dotoreak osatu zituzten leitzarrek.

Kolore, dantza eta barreek hartu zuten Leitzako kale nagusia ilbeltzaren 22an. Maritxukun ileapaindegiko kontuak, soldaduen komeriak, igerilari trebeak eta euskal dantzariak, atzerritik etorritako bisitariak, aireratzeko prest zeuden bidaiariak... denen artean, urteroko argazki koloretsua osatu zuten.

 

Gaur berriz, goizean goiz elkartu eta Gorriztaran, Arkixkil, Sakulu eta Erreka auzoetan barna dabiltza gazteak. Arratsaldeko 17:00etan umeen kalejira izango da eta ondoren txokolatada eta goxokiak banatuko zaizkie. Iluntzean eta gauean Joxe Mendizabalen musika emanaldia izanen da plazan. Ilbeltzaren 24an, asteartean, Erasote auzora eginen dute eskea mozorroek. Goizean eta arratsaldean puzgarri eta jokoak izanen dira haurrentzat frontoian. 14:00etan Aurrerako bazkideen bazkaria izanen da eta atsaureek Atekabeltzen bazkalduko dute. Iluntzean atsaureen kalejira izanen da hitzordu nagusia. Musikaz lagunduta, ttutturro, ardi larru, jantzi koloretsuak... soinean dituztela, aurpegia estalita ibiliko dira atsaureak. Ondoren, musika emanaldia izanen da. Bukatzeko, ilbeltzaren 25ean, asteazkena, 16:00etan umeentzako ikuskizuna antolatu dute.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun