Leitzako Turismo mahaiak 2016ko maiatzetik darama buru belarri lanean herrirako plangintza diseinatu eta ekimen desberdinak martxan jartzen (informazio puntua berritzen, eskuorria berria lantzen…). “Ederbidea” bizikleta gaineko garraio iraunkorrerako proiektuan parte hartzeko aukera sortzearekin batera, Plazaolako Geltokiaren inguruan txosten bat lantzen jardun du azken hilabeteetan.
Azaroan, Ederbidea proiektuaren eskualdeko mailako aurkezpenean, Turismo mahaiak egindako txosten hori bera aurkeztu zuen Leitzako alkateak. Leitzari ekarri dakizkioken onurez gain, Plazaolako geltokiak Ederbidearen proiektuan duen garrantzia estrategikoaz hitz egin zuen. Jardunaldiaren ondoren, Europako ordezkariak estazio zaharra bisitatzen egon ziren.
Nafarroako Gobernuarekin izandako bileran, Plazaolako Bide Berdean, Leitzako zatian, orain dela 2 urte gertatutako erortzak konpondu gabe segitzen duela gogorarazi zion alkateak Zuzendariari. Alkatearen ustez, «ezin gara murgildu epe luzeko proiektuetan urgentzia eta larritasuna duten gaiak konpondu gabe, Plazaolako erortza kasu. Herritarren artean kezka handia dago gai honekin, asko baitira bertan aisialdia igarotzen dutenak».
Gaur da eguna, Andoaindik heldu diren zikloturistak Plazaolatik errepidera atera behar direla Leitzara iristeko. Gainera, erortza areagotu edo errepikatzeko arriskuak hor jarraitzen du, arazoa konpontzen ez bada.