Aspek beste urte bateko kontratua eskainia zion, baina erabakia hartua zuen dagoeneko Leitzakoak: «Txapelketarako proposamena egin zidatenean argi ikusi nuen une egokiena zela».
Abel Barriolak onartu du fisikoki ongi dagoela oraindik, eta gorputzaldi horretan erretiratu nahi duela frontoietatik. Urte hauetan guztietan bere ondoan izan direnak izan ditu gogoan: zaleak, Leitzako herria, EITB, enpresa eta pilotariak. «Gaur naizena izaten lagundu didaten guztiei eskerrak».
Betidanik izan duen ametsa, pilotari izatearena, betetzat eman du leitzarrak. Badu, baina, hutsune bat, aitak profesional gisara jokatzen ikusi ez izana. Kirol une bat aukeratzeko eskatuta, berriz, banakakoa irabazi izana goraipatu du. «Txikitatik nuen amets banakakoa irabaztea».
Orain, dena den, binakako txapelketa du buruan, profesional gisara jokatuko duen azkena izateak izaera berezia emango dio: «Txapelketa honetan nago zentratua, eta ez dut besterik buruan. Etorkizunean, etorri beharrekoa etorriko da». Pozik da, gainera, egokitu zaion bikotekidearekin, Altuna III.arekin, «plazer handia izango da Jokin Altunarekin jokatzea. Belaunaldi berria dator».