Batzorde berriaren asmoa, pilota eskola indartu eta pilotari gazteak motibatzea da eta «horretarako betiko entrenamentuetatik aparte bereziak antolatu nahi ditugu. Gustatuko litzaiguke Goizuetako pilotari profesionalak eta afizionatutan ibili direnak, gure gaztetxoak entrenatzera ekartzea».
Dagoeneko, azaroaren 11n Axier Olaizola joan zen frontoira gazteak entrenatzera. Esan beharra dago ikaragarrizko lan polita egin zuela egun horretan Axierrek eta pilotari gazteak oso gustora ibili zirela.
Goizuetako lehen pilota txapelketa
Beste aldetik ikusirik Goizuetan pilota munduan afizio haundia dagoela, Goizuetako lehen pilota txapelketa ere antolatu dute, binaka.
Hiru kategoriatan banatuak jokatuko dute: Umeak (benjaminak), kimuak (alebinak) eta gazteak(jubenilak). Kategori bakoitzean zortzi bikote ariko dira, guztira Nafarroako eta Gipuzkoako 48 pilotari.
Lehenago ere txapelketa bikainak egiten omen ziren herrian eta hori berreskuratu nahi dute.
Txapelketako lehen partidak abenduko lehen asteburu honetan jokatuko dituzte: abenduaren 2an, ostiralean 18:00etan; abenduaren 3an, larunbatean 17:00etan eta abenduaren 4an, igandean 10:00etan.
Hurrengo bi asteburuetan ere ordutegi berarekin jokatuko dituzte partidak eta finalak urtarrilaren 7an, larunbatean jokatuko dituzte.