Utzitako anbulantzia, oinarrizko bizi-euskarrikoa, Nabaskozeko suhiltzaileen eskualdeko parketik dator, han berri bat izango baitute.
Goizuetako suhiltzaile boluntarioak txandaka aritzen dira lanean eguneko 24 ordutan larrialdietako garraio sanitarioko zerbitzu hori emateko, eta dagoeneko SOS-Navarrak 32 alditan erabili du aurten.
Anbulantziaren lagapena maiatzean Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilari Mª José Beaumont suhiltzaile boluntarioak dituzten sei udal nafarrekin (Agoitz, Bera, Goizueta, Izaba, Leitza, Lesaka eta Luzaide) izenpetutako lankidetza esparru-hitzarmenaren barnean sartzen da.
Suhiltzaile boluntarioen parkeak
Gaur egun, Babes Zibileko Zerbitzuak emandako informazioaren arabera, Nafarroak guztira 141 suhiltzaile boluntario ditu. Zehazki, 13 Agoizko parkean, 11 Beran, 34 Goizuetan (anbulantzia eramateko laguntzaileak barne), 14 Izaban, 26 Leitzan, 20 Lesakan eta 23 Luzaiden.
Nafarroako Gobernuak aurten 191.000 eurorekin finantzatu ditu suhiltzaile boluntario horien zazpi parkeak. Zenbateko horren zati handiena gastu arruntak ordaintzeko erabili da, esaterako: aseguruak (boluntarioena nahiz ibilgailuena); ibilgailu berezietarako gida-baimenak lortzea; arropa, ekipamendu pertsonala eta material espezifikoa; ibilgailuei lotutako gastuak; anoa-hornidurak eta prestakuntza.