Miel Mari Elosegi Irurtiak, Pablo Feok eta Lau Aroko kuadrillak egindako lan honetan Lau Aro ikuskizunean oinarrituta, bertako paisaiak, animaliak, landareak, ohiturak, eta Leitzako aurpegi desberdinak urtaroek eragiten duten erritmoan azalduko dira. Urtaroak, inguru hauetan Ama Lurraren iturri guztien iturri izan dira, eta biziak aurrera jarrai dezan aldaketa sakonak eragiten dituzte. Gure arbasoen bizimodua erabat urtaroen arabera antolatzen zen eta gaur egun hau dezente aldatu bada ere, oraindik, eragin handia dute gure eguneroko bizitzan.
Egileek hitzorduan onartzen dutenez, «jakina, gure herria orri hauetan azaltzen dena baino askoz ere gehiago da. Bistakoa denez, ez dugu edozein argazki aukeratu. Leitzak baditu erreka zikinak, lekuz kanpoko txatarra-biltegiak, etxe zakarrak, eta nornahi amorrarazteko moduko irudi itsusiak. Gure herriaren alderdi txarrenak ezagunak direlakoan, ordea, bazterrean utzi ditugu».
Orekari eutsi nahian, gai eta irudien aniztasuna erakusten saiatu dira. Batzuetan, argazkiaren kalitateak baldintzatu du irudi bat edo beste azaltzea. Beste batzuetan, «gure herriaren giroa edo izaera hobekien islatzen duten irudiak hobetsi ditugu. Ez da erraza beti asmatzea, eta izanen da zer hobetua. Ez dugu, ordea, dena ongi eginen lehenengoan!».
Argazki-liburua izaki, argazkiek testuek baino askoz pisu handiagoa dute lan honetan. Sarrera orokor baten ondoren, urtaro bakoitzean herrian ikus daitekeenaren azalpen txiki bat eman dute, besterik ez. Haserako testuak, Leitzaldeko Euskara Zerbitzuak, Leitzako Udala eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin argitaratu zuen Leitza, lehen hola, gaur hala, gero ez jakin nola liburuxkako testuetatik abiatuta idatzi dira. Urtaro bakoitzeko sarrerak, berriz, egileek eginak dira.