Azaroko bigarren astebururako ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2016ko azaroaren 10a

'Amalurraren ahotsak' dokumentala eskainiko dute igande arratsaldean Ganbaran.

Liburu aurkezpenak, margolan erakusketa, dantzak, hitzaldiak, ikusentzunekoak eta bertze hainbat hitzordu izanen dituzte

Pasa den asteburuan, jubilatuei eskainitako ekintzekin, kantaldiekin eta solasaldiekin abiatu zen Goizuetako Kultur Taldeak, Udalaren laguntzaz antolatutako Azaro Kulturala. Azaroko asteburu guztietan izanen dira ekitaldiak.

Heldu den asteburu honetan, azaroaren 11n, ostiral arratsaldeko 7etan Ametsen liburua aurkeztuko dute Ganbaran eta asteburu osoan Iñigo Elizegiren margolan erakusketa zabalik izanen da. Azaroaren 12an, larunbat goizean aranoarrekin topaketa eginen dute mairu-baratzeetan. 11:00etan plaza dantzak dantzatako lokalean eta 18:00etan jangelan Goizuetako hizkerari buruzko solasaldia Oihana Lujanbiorekin.

Azaroaren 13an, 11:30etik 13:30era Iñigo Elizegiren margolan erakusketa ikusgai izanen da Ganbaran eta 18:00etan, leku berean, EHNE sindikatuak produzitu eta Amaia Agirrek zuzendutako Amalurraren ahotsak dokumentala ikusgai.

 

Datozen ekintzak

Azaroaren 18an, ostiralean 19:00etan pintxo kalejira eginen dute dantzariekin kalez kale.

Azaroaren 19an, larunbatean 09:00etatik 14:00etara kontserba ikastaroa Umore Ona elkartean eta 18:00etan Gutik ZURA dokumentalaren emanaldia Ganbaran.

Azaroaren 20an, goizez, erreka garbiketa eginen da auzolanean.

Azaroko azken asteburua ere emankorra izanen da. Azaroaren 25ean, ostiralean 18:30ean emakumeenganako indarkeriaren aurkako kontzentrazioa eginen da plazan. 19:00etan Ganbaran, Esentzia bere azken liburua aurkeztuko du Ander Olaizola herriko argazkilariak.

Nola ez, azaroko ekitaldiak hilaren 26ko artisau, nekazaritza produktu eta ganadu feriarekin borobilduko dituzte, urteko zita garrantzitsuenetako batean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun