Bertan eta bertakoa kontsumitu, modu arduratsuan. Hori da azoka honen helburu nagusia «bertan, bertakoa erosi eta jaten dugunean, herriko eta inguruko ekonomia sustatzen dugulako, komunitate kontzientzia sortu eta herria indar¡tzen dugulako» diote antolatzaileek. Ekoizleen eta bereziki bertako base¡rritarren jakinduria eta ezagutza zabaltzeko erakusleihoa izan nahi du azaroaren 13ko azokak «bertako produktuari merezi duen lekua eskainiz, baserritarrak protagonista bihurtu eta horrela lehen sektorea duinduz».
Igande goizeko 10etatik 14:00etara, sasoiko produktuak erosteko aukera izanen da eta baita bederatzi baserritatik eramanen dituzten animali eta hegaztiak ikustekoa ere. Aurten gainera, herriko baserritar eta ekoizleez gain, Aresokoek ere parte hartuko dute. Jatekoa ere ez da faltako, herriko talogileez gain, Atekabeltzekoek ere txerria burduntzian egin eta pintxoak saltzeko asmoa dute eta.
Bertan eta bertakoa modu arduratsuan kontsumitzea da azoka honen helburua eta baserritarren jakinduria eta ezagutza zabaltzea.
Hitzaldia azaroaren 10ean
Azaroaren 10ean, osteguna, arratsaldeko 7etan Atekabeltz Herrigunean Nekazaritza ereduak. Elikadura burujabetza izenburupean hitzaldia eskainiko dute Mixel Berhocoirigoien Euskal Herriko Laborantza Ganbarako lehendakariak eta Juanma Intxaurrandieta INTIAko gerenteak. Besteak beste, lurraldera modu jasangarriagoan egokitzen den bestelako nekazaritza eredu batetaz eta gurean, nekazaritza iraunkorrak eskaini ditzakeen aukerez hitz egingo dute.