Etxebizitza Batzordearen inkesta banatzen hasiak dira Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2016ko urr. 25a, 10:36

Etxebizitza batzordeko kideak (argazkian batzuk), etxez etxe dabiltza inkestak banatzen.

Herritar guztiengana iristea da beraien helburua

Etxebizitza Batzordea hasi da etxez-etxe inkestak banatzen Goizuetan. Herritar guztiengana iristea da beraien helburua, herrian bizi dena zein baserrietan. Baita herrian etxea duena eta kanpoan bizi denarengana ere. Horretarako, etxez-etxe inkesta bat banatuko du batzordeko kideren batek eta egun batzuetara, berriro etxetik pasako dira inkesta jasotzera. 

 

Kanpoko norbaitek ere Goizuetan bizitzeko interesa izango balu nahiz edozeinek edozein zalantza argitzekoa, etxebizitzabatzordea@gmail.com helbidean kontaktatzeko aukera izango du. Inkestak herrian dagoen etxebizitza eta lokal komertzial, bulego, biltegi eta bestelakoen beharrari eta eskaintzari buruzko galderak biltzen ditu.

Baina Goizueta bizileku bezala hobetzeko, iritziak emateko tartea ere izango du. «Herritar guztiei dei egiten diegu tartetxo bat hartzeko inkestak betetzeko eta beraien beharrak, nahiak eta asmoak adierazteko», jakinarazi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun