VIII. Kizki Egunean parte hartuko dute goizuetarrek irailaren 25ean

Ttipi-Ttapa 2016ko irailaren 20a

2011. urtean 400 lagun bildu ziren kizkiarekin Goizuetako plazan.

Astigarragan 700 kizki lagun biltzeko asmoa dute igandean 

VIII. Kizki Eguna ospatuko dute irailaren 25ean Astigarragan. Astigarraga, Oiartzun, Goizueta, Hernani, Donostia, Usurbil eta Orereta: zazpi herritako 700 kizki lagun biltzeko asmoa dute, “Zazpiak bat eginik” goiburupean.

 

Igandeko egitarauari dagokionez, 12:30ean herrien arteko marmitako lehiaketa eginen dute. 13:00etan, 700 kizki-lagun biltzeko erronka. 14:30ean herri bazkaria. 17:30ean herrien arteko sagargintzaz desafioa.

 

Kizkiarekin markaz marka

Kizki Eguneko jarduera nagusia, Goldea elkartearen ekimenez sortua, aldi berean kizkiarekin sagar biltzen ahalik eta jende gehien biltzea izan dam betiere marka edo errekorra ezarri nahian. Helburu hori gogoan, Astigarragak ezarri zuen 2009an lehen marka, 311 kizki-lagun bildu baitzituen zeregin horretan. Ondoren etorri ziren Oiartzun354 kizki-lagunekin, Goizueta 2011. urtean 400 lagunekin, Hernani 436rekin, Donostia 347rekin eta Usurbil 173rekin. Iazkian, 441 kizki-lagun bildu ziren Errenterian.

Helburu horrekin batuko dituzte indarrak Kizki egunak antolatu izan dituzten zazpi udalerriek. 700 kizki-lagun biltzea izango da aurtengo erronka, aldi berean kizkiarekin sagarra bilduko duten 700 lagun elkartzea, XVI. Sagar Uzta 2016 jaiaren baitan.

Ekimen honetan parte hartu nahi duten herritarrek, 16 urtetik gorakoak, www.sagardoarenlurraldea.eus webgunean eman behar dute aurrez izena edo egunean bertan. Kizkiak euro baten truke eskuratu ahal izango dira. Astigarragako Goldea, Oiartzungo herria, Goizuetako herria, Donostiako Parte Zaharrean Bizi, Usurbilgo Sagardo Egunaren lagunak eta Errenteriako elkarteak dira ospakizunaren antolatzaileak, Sagardoaren Lurraldearen laguntzaz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun