Libre mugitzeko arropa erosoa eramatea eta ongi pasatzeko gogoekin joatea besterik ez du eskatu Teresa Lopez de Munain irakasleak. Biodantza zer den ezagutu eta gozatzeko aukera irekia izanen da, lagun guztientzako.
Zer da biodantza?
Musika, dantza eta mugimenduen bitartez gure pertsonalitatearen ahalmenetan sakontzea da biodantza, Teresa Lopez de Munainek aipatu digunez. «Dantza eta jokuen bidez modu dibertigarrian gorputz eta barne adierazpen librea bideratzen da, azalarazten da –dio antzezlea eta urte luzez biodantza irakaslea denak–. Oso aberatza suertatzen da osasunerako eta ongizate orokorrarentzat zeren dena mugitzen baitu, gorputza , afektibitatea, sorkuntza eta bizitzari buruzko meditazioa. Bakoitzak bere neurrian egiten du , bizia izan arren oso erraza da gero».