Irailaren 18an ospatuko dute Talo Egunaren hamabigarren edizioa Leitzan

Ttipi-Ttapa 2016ko irailaren 16a

Epaimahaiak lana gogotik egin beharko du, zortzigarren aldiz eginen den talo lehiaketan.

Erosketak egiten dituztenek sariak eskuratu ditzateke igandeko azokan

Plazaola Partzuergoak eta Leitzako Udalak elkarlanean, Nafarroako Gobernuaren Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren eta Plazaola Partzuergo Turistikoko Artisauen Elkartearen babesarekin, antolatu dute XII. Talo Eguna irailaren 18rako. Igande goizeko hamarretan irekiko da azoka eta bertan artisauen postuak, taloarekin zerikusia duten lanabesak eta zenbait langintza zuzenean ikusteko aukera izanen da. 

 

Horiekin batera, tresna zaharrak eta baserriko zenbait animalia ere plazaratuko dituzte eta txikienek gurdian ibilitzeko aukera izango dute. Villabona eta Saralegi familiek ere ez diote hutsik eginen urteroko hitzorduari eta mota guztietako taloak prestatzen ariko dira goizean eta baita arratsaldean ere, 17:30etik aurrera.

Taloak egiten ikasteko tailerrak ere antolatu dituzte 4 eta 14 urte bitartekoentzat eta eskualdeko talo lehiaketaren zortzigarren edizioa eta pintxo lehiaketa ere izanen dira. 12:00etan herri kirol saioa izanen da plazan (aizkolariak, harrijasotzaileak eta trontzalariak) eta azokan erosketak egiten dituztenen artean zozketak ere eginen dituzte eguerdian

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun