Gurdi Bideari harrera eginen diote Leitzan irailaren 14an

Ttipi-Ttapa 2016ko irailaren 13a

Plazaolan sartua da Gurdi Bidea eta Leitzan harrera eginen diote asteazkenean.

Burgos eta Pasaia lotzen ditu idiek tiratutako gurdiak, Albaolara bikea eta alkitrana garraiatuz eta irailaren 14an ailegatuko da Leitzara

Olazti eta Leitza arteko Nafarroako hogeiren bat herrik egingo diete harrera irailaren 10etik 15era idiek eta mendi-behiek tiratutako hiru gurdik osaturiko ilarari. Bikea eta alkitrana garraiatuko dituzte Burgosetik hasi eta Pasaiaraino, San Juan itsasontzia istinka­tzeko. Albaloan ari dira eraikitzen, eta XVI. mendeko baleontziaren erreplika zehatza da.

 

18 etapatan dago banatuta 200 kilometro inguruko ibilbidea eta Burgoseko, Errioxako (Foncea), Arabako, Nafarroako eta Gipuzkoako lurrak zeharkatuko ditu Gurdi Bidea ekimeneko segizioak. Abuztuaren 31n hasi da Burgosen eta Donostia eta Pasaiara iritsiko da irailaren 17an. Nahi duenak har dezake parte ibilbidean.

Goizeko 8ak aldera hasiko dira etapak, eta ibilbidearen edo antolatutako jolas- eta kultura-jardueren araberakoa izango da etapen amaiera.

Nafarroan, irailaren 10ean sartuko da segizioa Olaztin eta Altsasun. Hauek izango dira etapak ondorengo egunetan: irailak 11, Altsasu-Uharte Arakil; irailak 12, Uharte Arakil-Irurtzun; irailak 13, Irurtzun-Latasa-Lekunberri; irailak 14, Lekunberri-Erasote-Leitza. Irailaren 15ean, Leitzatik aterako da segizioa, Andoainera bidean.

 

Harrera Plazaolan

Irailaren 13an, astearte goizean abiatu da segizioa Irurtzunetik. Latasan harrera egin diote eta gosaria labean egindako bertako produktuekin (Imotzeko Udalak eskainia). 12:45ean Plazaolako geltokian eta geroxeago Lekunberriko plazan ongoetorria eginen diote. Asteartean 17:00etan bisita eginen diote Plazaolako geltokiari, proiekzioa eta gidarekin.

Irailaren 14an, asteazkenean Lekunberri-Uitzi (tunela)-Leitza ibilbidea eginen dute. 08:00etan abiatuko dira Lekunberritik; 09:15ean Uitziko tunela igaroko dute eta horretarako, Lekunberriko lagunek antortxarekin lagunduko dute segizioa. 10:00etan Erasoteko Gitarranbueltan Leitzako herritarrek harrera eginen diote. Herriko plazaraino lagunduko dute, tartean, astotxoak, behorrak tiratutako gurdia eta ardi-latxak sartuz ibilbidean. 13:15ean Leitzako plazan, Leitzako ordezkarien eta herritarren harrera eta ongietorria: aurreskua, bertsolariak, adar-joleak, irrintzilariak, txalapartariak… Udalak antolatutako ekitaldian. 18:00etan talo-merienda plazan. Irailaren 15ean, ostegun goizean Andoainerako bidean abiatuko da Gurdi Bidea Leitzatik.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun