Hala, bi herrietako 688 biztanleren segurtasuna eta jarraipen medikoa hobetuko dira. Izan ere, gertutasuna dela eta, aipatutako zentroetan jasotzen dute espezialisten arreta, Nafarroaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko osasun-laguntzako lankidetza-hitzarmenari esker. Orain arte, txosten medikoetan jasotako edo pazienteak ekarritako informazioa besterik ez zeukaten Goizuetako osasun-langileek. Baina, hemendik aurrera, historia klinikoan eta izandako kontsultetan gehitutako txosten medikoak eskuratu eta ikusi ahal izango dituzte.
Bi osasun-zerbitzuetako ordezkariek eta arreta ematen duten osasun-langileek bilera egin dute berriki Goizuetan, batak bestearen historia medikoak eskuratzeko protokoloak zehazteko, sarbidea ahalbidetzen duten sistema informatikoak ezagutzeko eta sor litezkeen gorabeherak konpontzeko neurriak ezartzeko.
Zehazki, honako hauek izan ziren bileran: Borja Azaola Nafarroa Iparraldeko Lehen mailako Arretako zuzendariordea; José Javier Etxeberria Goizuetako medikua; Inmaculada Vélez de Mendizabal Goizuetako erizaina; Ana Bustinduy Donostialdea ESIko zuzendaria; Ramón Lertxundi Donostialdea ESIko informazio-sistemen zuzendariordea; Patricia Arbeloa Osasun Alorreko Informazio Sistemen Zerbitzuko teknikaria, eta Agurne Oronoz Goizuetako landa-eremuko laguntzarako erizaina.