«Asteburuan egon litekeen planik onena Aranora joatea da guretzat»

Ttipi-Ttapa 2016ko uzt. 27a, 08:52

Erramun Galparsoro- Bihotza Aranon duen donostiarra

Arano ezagutu zuenean «herriarekin maitemindu» zela esan digu Erramun Galparsorok «pakea, mendiko giro hori... Herria eta herriko jendea ere atsegina egin zait­ beti. Oso harre­ra ona izan genuen. Oso eroso sentitzen gara bertan: lasai, goxo...». Duela 15 urte inguru joan ziren Donostiatik Aranora bizitzera «bi ume genituen orduan, 5 eta bi urtekoak eta Donostian pisu batean sartu beharrean Aranon etxe zahar bat zegoen salgai, hura hartu genuen eta obra egin genuen». Orain lan arrazoiak tarteko Donostiara itzuli beharra izan dute «baina ahal dugun guztietan joaten gara Aranora; bertakoak sentitzen gara eta».
Bere ustez txoko eder  asko ditu Aranok, baina batez ere udan Mendatze ingurura joatea maite dutela esan digu «Mendatze ­erreka bazter bat da, oso oso polita dena. Bainuak hartzen ­ditugu udan, dena basoz in­guratua dago. Hantxe oso gustura egoten gara».

Santioak ere barru barrutik ­bizi dituzte «udan beste plan batzuk baditugu ere, nahi eta nahi ez Aranon egon beha­rreko egunak dira santioak. Laguntzen, parrandan... gure umeak suelto suelto ibiltzen dira». Arano herri ttiki bat izanik, «jendea behar izaten da gauzak antolatzeko eta ahal dugun moduan laguntzen dugu. Umeentzako jokoak pres­tatu, bertako produktuekin feria egin... gustura bizi ditugu».

«Herrigintza proiektuari esker umeak konturatzen dira bizi diren tokia ez dela edozein»
Aranon azken urteetan egiten ari diren herrigintza eskolan ere parte hartzen dute Erramunek eta bere familiak eta asko ikasi dutela diote «memoria bestela nola gorde? herrian dugun ondarea, pasaia, historia... ezagututa umeak kontura­tzen dira bizi diren tokia ez dela edozein». Azken tailerrean adibidez, «herriaren etorkizunari buruz gogoeta interesga­rriak bildu genituen. Ohartu ziren, herriak gabezia batzuk izan arren, balio handia duten beste gauza asko dituela; haurrek duten autonomia hori adibidez». Erramunek argi du behin­tzat, «asteburuan egon litekeen planik onena Aranora joatea da guretzat. Neguan bada sua piztu eta goxo goxo egon eta udan leihoak ireki eta beste soinu eta usain batzuk ditu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun