Euskadiko sega txapelketaren kanporaketak jokatuko dituzte uztailaren 24an Aian

Ttipi-Ttapa 2016ko uztailaren 22a

Jon Kanflanka leitzarra Euskadiko txapelketako finalean sartzeko lehian ariko da igande eguerdian Aian.

Bederatzi segalarien artean Jon Kanflanka leitzarra ere ariko da

Uztailaren 24an jokatuko dira Aian gizonezkoen Euskadiko sega txapelketaren kanporaketak. Izena eman duten bederatzi segalariak, bi multzotan banandu dira eta bi kanporaketa egingo dira egun eta toki berean. Duela bi aste Nafarroako txapelketa bigarrenez irabazi duen Jon Kanflanka leitzarra bigarren kanporaketan ariko da.

 

Segalariak 30 minutuz ariko dira Aiako Andatza auzoko Aristerrazuko belardian ariko dira, ahalik eta belar-kilo gehien ebakitzeko helburuarekin. Txukuntasuna ere aintzat hartuko da. Kanporaketa bakoitzeko lehen bi sailkatuak (lauk denera), abuztuaren 7an jokatuko den finalerako txartela lortuko dute.

Igande goizeko 11:30ean jokatuko den lehen kanporaketan bortz segalari ariko dira: Julen Gabirondo, Iban Pardo, Jokin Etxeberria eta Iñigo Mercader gipuzkoarrak eta Mikel Berekoetxea nafarra. 12:30ean hasiko den bigarren kanporaketan, berriz, Jon Kanflanka leitzarrarekin batera hiru gipuzkoar ariko dira: Igor Esnaola, Suharri Irazustabarrena eta Arkaitz Arteaga.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun