“Webgunea egitera bultzatu gaituzten arrazoiak bi izan dira nagusiki: alde batetik, taldearen funtzionamendua hobetzeko tresna bat izatea, eta bestetik, herritarrei lantzen ditugun gaiei buruzko leiho bat irekitzea”, diote LeitzEKOtik.
Horrela, webguneak hainbat funtzio beteko ditu:
• LeitzEKO Kontsumo Taldearen proiektuen azalpena eskaini herritar guztiei.
• LeitzEKO Kontsumo Taldeak burutzen dituen egitasmo eta jardueren berri eman: urteroko azoka, asteroko saskia, hitzaldiak, etab.
• Elikadura burujabetza, energia-burujabetza, teknologia-burujabetza eta orohar burujabetzarekin lotutako albiste eta materialen bilketa-gunea izan.
• Kontsumo Taldearen barne-antolaketarako plataforma bihurtu: egutegia, hilabeteroko buletinaren bidalketa automatizatu, bazkide egiteko bidea eman, eskaera-eskaintzak...
• Tartarkar.eus garraio konpartituaren ataria zabaldu. Ikusi albistea
Webgunearen funtzioak, gainera, aurrerantzean zabaldu egin ahal izanen dira, hau da, oinarrizko funtzio batzuekin irekiko dute webgunea, baina proiektu edo egitasmo berriak martxan jarri ahala webgunea garatzeko aukera izanen da.
Webgune berriaren aurkezpena ekainaren 29an egin zen Aurrera Elkartean. Bertara gonbidatu ziren Kontsumo Taldeko bazkideak eta baita interesa zuen edozein herritar ere. Ekitaldi xume horretan webgunearen helburuak, helbidea, atalak eta erabilerari buruzko argibideak eman ziren.
Aurkezpenaren ondoren hurbildu ziren guztiei mokadutxo bat eskaini zitzaien bertako produktuekin. Modu horretan, une interesgarri hori nahi izan zuten bazkide eta herritar guztiekin konpartitu zuten.