Buthantxo proiektuaren lehen ekintza eginen dute ekainaren 21ean Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2016ko ekainaren 17a

Zaintzen Ginkana prestatzen hasiak dira Goizuetako eskolan.

Zaintzen Ginkana eginen dute astearte goizeko 10:30ean eskolan 

Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Berdintasun Batzordeak bultzatutako proiektuaren barnean, ‘Zaintzen Ginkana’ eginen dute ekainaren 21ean, astearte goizeko 10:30ean hasita Goizuetako eskolan. Goizuetako eskolak, Guraso elkarteak, Goizueta eta Aranoko udalek, Osasun Etxeak, Gizarte Zerbitzuak eta Berdintasun Batzordeak antolatu dute ekimena.

 

Nondik dator proiektu hau?

Hausnarketa egin ondoren, Berdintasun Batzordetik, Bhutan herriak daukan eredua hartu zuten eta proiektu honi hasiera eman zioten. Bhutan herrialdea Tibet eta India artean kokatuta dago. 70eko hamarkada arte erabat itxia egon da turistentzat. Euren tradizioa eta kultura mantendu nahi dituzte. Herri berezia izaten jarraitzeko egiten dutela esaten da.  Zoriontasun indize gordina erabiltzen dute beraien garapena neurtzeko.

«Proiektu honen bidez, herriko jendearen harremanak babestu eta hobetu nahi ditugu, eremu  desberdinetan, adin guztietako lagunak elkartuz eta bere harremanak estutuz. Espazio guztietan: eskolan, kalean, plazan, ibaian, tabernan, dendetan, gaztetxean, udaletxean, osasun kontsultorioan.... ideia bultzatu nahi dugu.Lehenengo pausua, eskolan eta gazteekin emango dugu eta denbora pasa ahala beste eremu desberdinak sartuko ditugu», aipatu dute antolatzaileek.

 

Proiektuaren helburuak hauek dira:

-        Pertsonen arteko zaintzak eta tratu onak balorean jartzea

-        Tratu txarrak ekiditeko tratu onen bidean lan egitea

-        Herritar arteko harreman onak bultzatzea

-        Herriko giroa osasuntsua izatea

-        Zoriontasun maila hobetzea eta igotzea

-        Herriarekiko sentimendua indartzea

 

Azken egun hauetan eskolan landu dutena hau izan da: Gure ongizaterako besteen beharra dugula, taldean egon behar dugula bizitzeko, gure burua eta besteak zaindu behar ditugula, elkarbizitzeko tratu onak erabili behar ditugula eta etxeko lanak behar beharrezkoak direla bizirik jarraitzeko. Ikastetxeko mailaz maila asko hausnartu dute eta datorren asteartean azkeneko pausoa eginen dute: Zaintzen Ginkana.

Egun horretan, ikasle eta irakasleez gain, herriko dendariek, tabernariek eta eragile ezberdinek parte hartuko dute. Bukatzean opariak eta hamaiketakoa eginen da. «Animatu eta hurbildu festa ikustera!».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun