Behe-laino itxiarekin ez ziren beldurtu erronkari heldu zioten 683 lasterkariak. Goizeko 8etan abiatu ziren Leitzako plazatik, 67 kilometroko ibilbidea osatzeko: Pagozelai, Gaintza, Irumugarrieta, Unagako Putzua, Putzuzar, Iribaseko iturburua, Lekunberri, Iontza, Idiazabal eta Jaundegiko borda zeharkatuz, berriz ere Leitzara itzultzeko.
Oihana Kortazar eta Jokin Lizeaga ziren lasterketa hasi aurretik faboritoen artean behin eta berriz aipatzen ziren izenak. Helmugan ordea, pronostikoen erdiak bete ziren. Arratsaldeko 15:00ak jo berritan iritsi zen helmugara lehendabiziko lasterkaria, Julen Martinez de Estibariz. Jokin Lizeagak, hasiera hasieratik nagusi izan bazen ere, 55. kilometroan lasterketa utzi beharra izan zuen orkatileko minez. Bigarrena helmugan Iker Karrera, amezketarra, izan zen, 7:03:38ko denbora eginez eta hirugarren gizonezkoa Ander Barrenetxea, eibartarra, 7:09:04ko denborarekin.
15:55ean iritsi zen Oihana Kortazar helmugara eta berea izan zen garaipena. Emakumezkoen senior kategorian bigarrena Elena Calvillo izan zen 08:36:11ko denborarekin eta hirugarrena Leire Martinez iritsi zen 8:48:33 denbora osatuz.
Beteranoen kategorian Iñaki Catalan helmugaratu zen lehenbizikoa 7:34:04 denbora eginez, bigarren Jose Luis Beraza 7:36:33 eta hirugarren 7:58:17. Kategoria honetan lehenbiziko emakumea Elena Calvillo izan zen 8:36:11ko denbora osatuz. Aurten, Euskal Herria Mendi Erronkarekin batera Euskal Herriko Ultra Txapelketa ere jokatu zen, aldiberean. Euskal Herriko Mendi Federazioak antolatutakoa izan zen eta garaileak, Mendi Erronka irabazi duten berberak izan ziren, Julen Martinez de Estibariz eta Oihana Kortazar.
Omenaldiak ere bai
Momentu hunkigarriak ere bizi izan ziren lasterketa hasi aurretik. Goizean minutu bateko isilunea egin zuten antolatzaile taldeko hiru kideren familiarteko bana hil berri direlako. Bazen bigarren nobedade bat ere lasterketa abiatu aurretik. Euskal Herriko sokatira selekzioko kideak omendu zituzten, ofizialtasuna izan dutelako aldarrikapen nagusi eta horretan aitzindariak izan direlako eta Euskal Herria mundu mailan ordezkatu dutelako. Garaikur bat eman zieten eta Leitzako Aurrera dantza taldekoek aurreskua dantzatu zieten.
Auzolanaren emaitza
Antolatzaileen esanetan «azpimarratzekoa eta eskertzekoa da egun hauetan lanean aritu diren laguntzaile guztien borondatea, ezinbestekoa izan baita haien parte hartzea guztia behar bezala prestatzeko». 450 boluntariok, bertakoek zein eskualdeko herritarrek, bat egin dute lasterketaren antolakuntzan.