Ibilbidea Leitzako plazan hasi eta bertan bukatuko da. Plazaolatik barna eginen dira lehenbiziko kilometroak baina hortik aurrerakoak Leitzako kaxkoak zeharkatuz osatu beharko dituzte. Antolatzaileek ibilbidean zehar ikus litezkeen parajeak azpimarratu nahi izan dituzte «ez da proba lehiakorra eta horregatik, paisaiaz gozatzera gonbidatu nahi ditugu. Adibidez, Petriketatik Aralarko mendilerroaren zati handi bat ikusten da, Malloak, Txindoki... Guztia mendiko xenda eta basoetan barna egiten da, errepiderik ia zapaldu gabe».
Izen-ematea interneten
Izena emateko epea ekainaren 6an irekiko da eta internet bidez, kirolprobak.com helbidean soilik egin liteke. 18 urtetik gorakoei zuzenduta dagoen proba da, baina, antolatzaileek argi utzi nahi izan dute ibilbideak duen zailtasun maila dela eta aldez aurretik prestatzea beharrezkoa dela.
Federatuta daudenek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta federatuta ez daudenek berriz, 18 euro (300 parte-hartzailetan jarri dute muga). Trukean, parte-hartzaileek kamiseta bana eta hainbat opariz betetako poltsa jasoko dute. Zeharkaldian bi hornidura puntu ere jarriko dituzte eta dutxak, bizikletak garbitzeko mangerak, autokarabanentzako aparkalekuak... prestatuko dituzte. Horretaz gain, opariak ere zozketatuko dituzte eta helmugan edariak eta pintxoak ere jarriko dituzte parte-hartzaileentzat.