Siriako errefuxiatueri laguntzeko materiala bilduko dute Leitzan

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 3a, 07:50

Leitzako Amazabal institutuko DBH1eko ikasleak. Siriako errefuxiatuei laguntzeko kanpaina eginen dute ekainaren 6tik 11ra.

Amazabal Institutuko ikasleek egingo dute kanpaina ekainaren 6tik 11ra bitarte

Amazabal Insitutuko DBH1eko ikasleek Leitzako Udala eta Zaporeak proiektuaren laguntzarekin, material bilketa antolatu dute ekainaren 6 eta 11 bitarte Siriako errefuxiatuei laguntzeko helburuz.

 

Ekainaren 6an, astelehena hasiko da bilketa eta aste horretako larunbatean, ekainak 11, herriko plazan egingo den bilketarekin amaituko da kanpaina.

Astelehenetik ostiralera, Amazabal institutuan bilduko dituzte Siriako errefuxiatuei helarazteko materialak, 09:00etatik 13:30era. Aste horretako larunbatean ordea, Leitzako plazan egonen dira goizeko 11:30etik 13:30era.

Behar bereziko materialak jasoko dituzte hala nola:

- Barruko arropa berria, haur eta gaztetxoena

- Haurrentzako bodiak

- Esne pediatrikoa (hautsa)

- Pardelak

- Janaria (kontserbak, lekariak, …), zerrikirik gabe.

- Konpresak

- Higiene materiala.

Mantarik eta bertzelako arroparik ez dutela bilduko ere ohartarazi dute. Amazabalgo ikasleek aipatu digutenez, «ebaluaketa honetan, etorkinen gaia landu dugu. Konturatu gara, jendeak etorkinengan pentsatzen duen gehiena, ez dela egia. Hortik, Siriako errefuxiatuen egoerara iritsi gara. Gure irakasleak lortu nahi zuena, guk beraiengan enpatia pixka bat izatea zen. Baina, hori baino gehiago lortu dugu eta material bilketa eginen dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun