Udalerri euskaldunen eguna Leitzan ospatuko da maiatzaren 28an

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 25a, 10:05

'25 urte euskara hauspotzen' lelopean egun osoko pesta prest dute

Leitzako Udalak, herriko hainbat eragilek eta UEMAk hilabeteak daramatzate maiatzaren 28ko egitaraua prestatzen. 25 urte euskara hauspotzen da aukeratu duten leloa, izan ere, aurten 25 urte bete dira Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea sortu zenetik. Egun osoan zehar ekitaldi ugari izanen dira, jai giroan bada zer ospatua!

Txistulariek emanen diete pestari hasiera, 09:00etan herriko kaleetan zehar eginen duten dianarekin. 10:00etan arnasguneen tailerra antolatu dute Atekabeltzen eta ordu berean, UEMAren batzar nagusia izanen da udaletxean. Bertan Ueman sartzeko eskaera egin duten udal berriak onartuko dituzte: Dima, Ziortza-Bolibar eta Legorreta. Horren ostean arnasguneen tailerra egingo dute Atekabeltzen, Uemak eta udalek antolatua. 11:30ean herrien arteko kirol-saioa izanen da plazan, 12:30ean ekitaldi instituzionala eta 13:15ean flash moba. Eguerdian, berriz, herri bazkaria egongo da, eta bazkalostean kantu zaharren kantaldia egingo dute, Angel Mariezkurrenak gidatuta. Arratsaldean, DJ Porru haurrentzako ikuskizuna 18:00ak aldera hasiko da eta R ke R elektrotxaranga ere herrian zehar ibiliko. Eguna amaitzeko, Lur J eta Akort taldeen kontzertuak izango dira Atekabeltz gaztetxean, 23:30etik aurrera.

Abestia eta bideoklipa

Euskara hauspotzen izena du festa egunerako apropos sortu duten abestiak eta elkarlanean egin dute; Leitzako bertso eskolako kideak arduratu dira hitzak idazteaz, Unai Zabaletak txistua jo du, Leitzako Erleta eskolako 22 haur eta gaztetxo kantuan aritu dira, Dj Porru eta Kiliklon ekoizpenak taldeko kideekin batera. Bideokliparen grabazioa berriz, maiatzaren 15ean egin zuten, herritar ugariren parte hartzerekin. Juanpe Murillo, Pablo Feo eta Tomson Gorostegi arduratu ziren grabazioak egiteaz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun