Aresoko etxebizitzen proiektuak aurrera egingo luke pertsona batek gehiagok izena emango balu

Ttipi-Ttapa 2016ko mai. 6a, 08:55
Bilera irekia deitu zuen maiatzaren 5ean udalak, egoeraren berri emateko.

Obra egiten hasita, hemezortzi hilabetean bukatzea aurreikusten da

Udal taldeak bilera deitu zuen maiatzaren 5ean herrian egin asmo dituzten etxebizitzen inguruan hitz egiteko. Proiektu honek herriaren etorkizunean eragin handia izango lukeela azpimarratu zuten, «biztanleriak beherantz egin duela jakinik, gazteak herrian geratu eta kanpotik ere biztanleria erakartzeko aukera bakarretakoa baita». Bi pertsonek dagoeneko eman dute izena, eta hirugarren batek emango balu, lehendabiziko eraikina egiten hasiko lirateke. 24 etxebizitza egitea planteatzen du proiektuak, 6 bizitzako lau eraikin, baina, etxebizitzak saldu ahala egingo lituzkete beste eraikinak.

Etxe guztiek hiru logela izango dituzte, bi komun, sukaldea, egongela, balkoia edo terraza, trastelekua eta garajea. 150.000/160.000 euro arteko kostua izango lukete (BEZa aparte) eta zatika ordainduko litzateke: hasieran 12.000 euroko fidantza eta gainerakoa, zatika obrako fase desberdinak bukatu ahala. Alegia, ez da dirua aurreratuko obrako fase bakoitza bukatu ahala, herriko arkitektoak egiaztatu eta oniritzia emandakoan,  ordainduko litzateke.

Udaletik esan dutenez beraien helburua proiektua aurrera eramatea da, eta azken finean herrian etxea behar duen edonori aukera eman ahal izatea. Etxeen inguruan informazio gehiago nahi duenak, udaletxera jo dezake edo 948510327 telefonora deitu.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun