Tailer hauen helburua da alde batetik, azken 60 urtetan nekazaritzan eta gure elikadura sisteman eman den aldaketaz eta honek ekarri dituen ondorio kaltegarriez jabetzea azpimarratuz bestelako nekazaritza eta elikadura eredu jasangarriagoa, parekideagoa eta justuagoa posible dela konturatzea. Beste alde batetik, aitzinako eta gaur egungo baserritar munduan emakumearen garrantziaz jabetzea eta elikadura subiranotasunean baita orokorrean ekonomian emakumeen aportazioak balorean jartzea.
Lanketa hiru saioetan egin da. Lehendabizikoan gaiaren inguruko dokumental bat ikusi dute. Ondoren etxeko lana egin dute: aiton-amonekin eta gurasoekin gaiaren inguruko galdetegia bete dute (baserritako bizimoduaz, zer motako elikadura zuten, emakumearen papera…). Bigarren saio batean etxetik jasotako informazioa gelan landu dute eta hirugarren saioan Gotzone Sestorainekin, emakume baserritarra eta Leitzako Kontsumo Taldeko kidearekin, eztabaidatzeko aukera izan dute.
Ekintza hau Berdintasun zerbitzutik, Leitzako Amazabal institututik eta Leitzako Kontsumo Taldetik bultzatuta izan da.