Otsailaren 28an lortu zuen 305 kilokoa jasotzea eta bi hilabete eskasean bere marka pertsonala hiru kilo hobetzea lortu du. Egin beharreko beroketak egin ondotik, prestatu, epaileak txistua jo eta bost minutu zeuzkan helburua betetzeko. 17 segundo nahikoak izan zituen. «Oso pozik nago. Bikain atera da dena», aitortu zuen Inaxio Perurenak marka egin berritan. Sasoiko dago leitzarra, herriz herriko erakustaldiak eskaintzeko sasoia dator orain. Hurrengo erronka burutan du ordea, «esku batekin zerbait egitea».
32 urteko harri-jasotzaile leitzarra hirugarrena da kilo gehien altxatu dutenen artean. Aita, Iñaki Perurena du aurretik, 320 kilorekin, eta kilo gehien jaso dituena, Mieltxo Saralegi, 329 kiloko markarekin.