Leitzako XXXVIII. Herri krosa berrikuntzez betea heldu da apirilaren 23an

Ttipi-Ttapa 2016ko apirilaren 19a

Nahiz eta ibilbide ezberdina izan, helmuga Leitzako plazan izanen dute aurten ere.

Ibilbide berria prestatu dute lasterketa herrigunera hurbilduz eta apirilaren 21era arte eman daiteke izena

Leitzako Herri Krosa apirilaren 23an ospatuko da eta ibilbide berria izanen du. Lasterketa herrigunera hurbildu eta kros baten ezaugarrietara egokitu nahi izan dute antolatzaileek eta hala, lurrez, harriz eta adokinez osatutako bidea egin beharko dute parte-hartzaileek. 

 

Izen-ematea zabalik dago eta www.kirolprobak.com webgunearen bitartez egin liteke apirilaren 21era arte. Aurrerako bazkideek 8 euro eta bazkide ez direnek 10 euro ordaindu beharko dituzte. Probaren egunean bertan ere izena eman liteke (10 bazkideek eta 15 euro besteek).

 

Distantziak

Benjaminek 800 metroko ibilbidea osatu beharko dute (orain artekoa) eta gaztetxoek ibilbide berriari ­itzuli bat eman beharko diote (2250m). Kategoria absolutuan zirkuituari bi edo lau itzuli emateko aukera izanen dute (4.500 m edo 9.000m). Benjaminak 16:30ean abiatuko dira irteeratik, gaztetxoak 17:00etan eta helduak 17:30ean. Bukaeran sari banaketa eta zozketak izanen dira.

Ibilbide berria korrikalariei ezagutzera emateko asmoz, antolatzaileek hitzorduak egin dituzte apirilaren 11 eta 18an, astelehena, 19:00etan Leitzako plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun