Energia eredu jasangarri eta etikoari buruzko informazioa zabaltzea da Leitzako Udalak eta LeitzEko Kontsumo taldeak antolatu dituzten jardunaldien helburu nagusia. Saio irekiak dira eta herritarrak parte hartzera deitu nahi dituzte bi eragileek. Jardunaldiak apirilean izanen dira, ostegunetan, guztiak ordu eta toki berean: 19:30ean, udaletxeko batzar aretoan. Apirilaren 14an, izanen da lehenbiziko saioa, Trantsizio energetikoa: Piztu aldaketa! dokumentala ikusteko aukera izanen da eta ondoren, ikusitakoa aztertuz tertulia eginen da. Apirilaren 21ean, Fraking EZ / Gaur egungo egoera energetikoa hitzaldia eskainiko du Mikel Oterok eta apirilaren 28an, GoiEnerren eskutik argindarraren faktura murriztu eta ulertzeko tailerra antolatu dute (bertaratzen direnek euren faktura ekar dezakete aztertzeko). Hiru egun hauetan, Goinerreko bazkidetza eta faktura aldaketa egiteko aukera ere izanen da. Interesa dutenek, azkeneko faktura, nortasun agiria eta kontu korronteko zenbaki bat eraman beharko dute.