Erotismoaren gaia emakume baten begirada batetik ematen du Bengoak, androzentrismoaren ikuspegia gaindituz.
Hotzikara
HOTZIKARA, GOZAMEN EROTIKOAREN HISTORIA hasieratik hasten den ikuskizuna da: munduaren hastapenetatik, alegia. Eta hasiera horretatik abiatuta erotismoa historian zehar nola gertatu den kontatzen du. Garai guztietako emakume eta gizonek sexu-atsegina sentitu dute jakin-nahi, beldur eta askatasun maila desberdinetan. Ines Bengoaren ahotsak egoera ezberdinak proposatu, pertsonaia ugari aurkeztu eta ikus-entzuleei istorien bitartez bidaia batean sar daitezen gonbidapena luzatuko diete pasioa, zoramena eta umorea direla medio. Eta bidaia honetan sartzen dena sexuaren gozamena sentitzera hurbilduko da, hotzikara gisan.
Ines Bengoa kontalariak dioenez, «irudi eta eduki erotikoz inguratuta bizi garen arren -publizidadean, filmetan, literaturan, txisteetan...- ez nuen nirekin bat egiten zuen ezer aurkitzen, ez nuen kontatzeko grina sortzen zidan ezer topatzen. Gure egunerokotasunean inguratzen gaituen erotismoa topikoz, rolez eta estereotipoz beteta dago; nirekin zerikusi handirik ez dutena, alegia. Konturatu nintzen orduan erotismoa norbanakoaren barruan dagoela; erotismoa pertsonaren muinetik ateratzen den zerbait dela. Hotzikara hau nire bilaketa pertsonalaren emaitza izan da. Ahozkotasun tradiziotik mimo handiz ipuin bakan batzuk aukeratu eta entzun nahi duen guztiekin konpartitzeko gogoz aurkezten dizuet. Nik bezainbeste disfrutatzea opa dizuet».