Legezko altxaldia izan zen, baina harri-jasotzailea ez zen gustura gelditu, lau kolpe eman behar izan zizkiolako bularrean. «Hasierako kolpeetan seguru ibili nahiz, baina bigarrenetik hirugarrenera desoreja somatu dut eta hortik tiratu behar izan dut. Entrenamendua izan balitz hortxe utziko nuke, baina frontoian zegoen giroarekin altxatu dut», zioen Inaxio Perurenak.
Hortaz, marka berria egiteagatik pozik, baina aldi berean altxaldia ez zelako guztiz dotorea izan triste ageri zen Perurena. «Hurrengo altxaldirako beldur horrekin gelditzen naiz», aipatu zuen eta gorputzak onartzen duen bitartean marka berriak egiten saiatuko dela.
Inoizko markarik onena Mieltxo Saralegik du, 329 kilorekin eta Iñaki Perurenak, Inaxioren aitak, 320 kilokoa altxatu zuen. Inaxio Perurenak hiru saiakera eginak zituen 303 kilokoarekin eta ez zuen lortu (nahiz eta bere ustez, hirugarrena balekoa izan) eta orain, 305 kiloko marka ezarri du. Otsailaren 12an hil zen Maria Gartziarena amonari eskaini zion altxaldia, hil aurretik ospitalean zegoela harri horrekin saiatzeko animoak eman baitzizkion.