Tailer teoriko-praktiko hau, astelehenetik ostiralera burutuko da, goizeko 9:00etatik 14:00etara. 25 orduko formakuntza izango da eta izena ematen duenak ziurtagiria jasotzeko aukera izango du. Ikastaroak teknika jakin batzuen inguruko formazioa jasotzeko balio du. Gaur egun, Urumea ibaian egiten ari diren proiektuetarako erabili nahi diren teknikak dira eta gerora, mota hauetako obretan parte har dezaketen langileak prestatzeko ere baliagarria izan daiteke. Teknika hauek, biziak izateaz gain, autoestimuan eta giza baloreetan hobekuntza dakarte.
Solasaldia
Otsailaren 24an hitzaldia eskainiko du Fredi Rey europar adituak. Frantziarra baso ingenieritzan doktorea da. Mendia eta ibaia ardatz hartuta, mendiko eta ibaiko erlazioari eta gure lurraldeko berezitasunari buruz jardungo da. “Ibaia ez du bere ubideak soilik osatzen, bere arro hartzaile guztiak baizik. Sistema konplexua da, oreka delikatukoa eta elementu askorekin. Batzuetan elementu hauek gatazkan sartzen dira eta garrantzitsua da nola funtzionatzen duten ezagutzea” adierazi du. Hitzaldia, Udaletxeko ganbaran izanen da otsailaren 24an, asteazken arratsaldeko 7etan.
Irteera
Otsailaren 27an irteera eginen dute Urumea ibaian zehar: Donostia, Goizueta, Hernani, Astigarraga eta Donostira itzuli. Jarduera hau, aste osoan zeharreko ekintzei amaiera emateko izango da. Era ludikoan, herritarrei, ibaia eta honen jokaera eta garrantzia ulertzeko aukera eman nahi zaie. Irteera honetan ikuspegi hidraulikoa, geologikoa, historikoa, kulturala, arkitektonikoa eta ekologikoa landuko dira. Geldialdi desberdinak burutuko dira ibaia eta bere osagaiak hobeto ulertzeko.
Ibaitik badiara proiektua Paola Sangallirena da eta Urumea errekari lotua dago. Langabetuak, formakuntzan dauden gazteak edo interesa duen edonorentzat izango da.