Biodantza ikastaroa eginen dute Goizuetan otsailaren 20an

Ttipi-Ttapa 2016ko otsailaren 18a

Biodantza saioa larunbat goizean eginen dute Goizuetako udaletxeko ganbaran.

Saioa doan izanen da, Teresa Lopez de Munain irakaslearen eskutik

Otsailaren 20an, larunbat goizeko 11etan biodantza saio bat antolatu dute Udaletxeko ganbaran. Saioa doan izanen da, ez da inongo adin mugarik edo prestaketa fisikoren beharrik, ezta ongi dantza egin beharrek ere. Libre mugitzeko arropa erosoa eramatea eta ongi pasatzeko gogoekin joatea besterik ez du eskatu Teresa Lopez de Munain irakasleak. Biodantza zer den ezagutu eta gozatzeko aukera irekia izanen da, lagun guztientzako.

 

Zer da biodantza?

Musika, dantza eta  mugimenduen bitartez  gure pertsonalitatearen ahalmenetan sakontzea da biodantza, Teresa Lopez de Munainek aipatu digunez. «Dantza eta jokuen bidez modu dibertigarrian gorputz eta barne adierazpen librea bideratzen da, azalarazten da –dio antzezlea eta urte luzez biodantza irakaslea denak–. Oso aberatza suertatzen da osasunerako eta ongizate orokorrarentzat zeren dena mugitzen baitu, gorputza, afektibitatea, sorkuntza eta bizitzari buruzko meditazioa. Bakoitzak bere neurrian egiten du, bizia izan arren oso erraza da gero».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun