Gizarte Zerbitzuko Birginia Eraso, Junkal Otxotorena, Maite Perurena eta Birginia Landiribar langileek Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eskaintzen duen zerbitzuaren inguruko informazioa eman dute eta asteartetik aurrera, Arano eta Goizuetako herritarren zerbitzura Santa Maria kaleko 26 zenbakiko behean egongo direla adierazi dute.
Ondoren, lokal berrira hurbildu eta barrutik nola gelditu den ikusteko aukera izan dute gerturatutakoek. Egoitza, behar bereziak dituztenentzat irisgarriagoa da eta honek, zerbitzuaren kalitatea hobetzeaz gain, guztion eskurago egotea ekartzen du: «Gure konpromisoa kalitatezko gizarte zerbitzuen aldeko apustua egitea da» aipatu zuten. Kargu publikoak, herritarrak eta bertako langileak, pozik agertu dira obrarekin.
Elama Eraikuntzak SL enpresa abenduan hasi zen obrak egiten eta bi hilabete iraun dute lanek. Azkenean, 32.000 euro inguruko kostua izan du eta Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen eta La Caixaren diru laguntzaren bidez ordainduko da. Goizuetako Udala izan da promotore, baina Gizarte Zerbitzuarekin hitzarmena sinatu duenez, lokalaren erabilera bere esku geldituko da. Beraz, hemendik aurrera, astearte eta asteazkenetan, bertan egongo da zerbitzua. Hala ere, gogoratu, aurrez hitzordua eskatu behar dela: telefonoz, 948 510 840; posta elektronikoz, ssbleitza@infolocal.org; eta facebook-en LAGA gizarte zerbitzua.
Luntx batekin amaitu da ekitaldia.