Inauteri giroak ilbeltzaren 29 eta 30ean hartuko du Areso

Ttipi-Ttapa 2016ko urtarrilaren 28a

Joan den urtean elurretan ibili ziren Aresoko mozorro eta karrozak. Aurten eguraldi hobea espero dute.

Larunbateko Aiso ezautuz lehiaketa da aurtengo nobedadea

Jendea mozorroen prestaketak amaitzen ari da dagoeneko eta ia guztia prest dago aurtengo inauterietarako Areson. Aurten ere izango da non gozatua, herritar guztientzako ekintzak antolatu dira eta. Berrikuntza larunbat arratsaldean egingo den Aiso Ezautuz lehiaketa izango da. 

 

Lagun Artekoek azaldu dutenez aurten afariko menuak aldaketa batzuk izango ditu, eta ez da tiketik erosi beharko. Momentuan bertan ordainduko da. Prezioa urterokoa izango da: helduek 16 euro eta haurrek 8 euro ordaindu beharko dituzte. Mozorro onenaren saria ere emango dute afalostean, bai helduentzat eta baita haurrentzat ere. Beraz ea eguraldiak laguntzen digun, atera mozorroak eta gozatu inauterietaz! Hona hemen egitaraua:

Ilbeltzaren 29an, ostiralean, 15:30ean eskolako haur eta irakasleek herrian kalejira egingo dute. 16:30ean Pake Tokin merienda ederra izango dute eta indarrak hartutakoan plazan  dantzan aritzeko aukera izango da, Gorka eta Olatz musikarien erritmora. 18:30eean herriko eskea abiatuko da plazatik eta 21:30ean Pake Tokin Lagun Artekoek afaria egingo dute.

 

Aiso ezautuz larunbat arratsaldean

Ilbeltzaren 30ean,  larunbatean, 10:00etan Pake Tokin Lagun Artekoen gosaria izango da. 11:00etan baserrietako eskea hasiko da eta 17:00etan Karrozen desfilea egingo da plaza zaharretik abiatuta. 18:30ean Aiso Ezautuz lehiaketa egingo da udaletxeko goiko solairuan, Aresoko Euskara Taldeak antolatua. Helburua, Aresoren inguruko interesa piztu, ongi pasatu, herriko euskara berreskuratu eta herria hobeki ezagutzea da.

Udaletxeko goiko solairuan egingo da lehiaketa eta 3 talde ariko dira jolasean. Talde bakoitza hiru partaidez osatua egongo da eta talde mixtoak izateaz gain, adin ezberdinetako jendez osatuta egotea da jarri duten baldintza: 16-25 urte arteko partaide bat, 25-40 urte arteko beste bat eta 40 urtetik gorako beste bat eduki beharko du talde bakoitzak. Urtarrilaren 10era bitarteko epea zegoen izena emateko.

Jarraian musika izango da plazan Antton eta Belokiren eskutik eta segidan herri afaria Pake Tokin. Afal ondorena Antton eta Beloki musikariek alaituko dute eta festa izango da goizaldera arte.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun