Iluntzeko 20:30 aldera jaso zuten larrialdi deia Goizuetako suhiltzaile boluntarioek eta hauei laguntzeko Leitzako boluntarioak izan ziren iristen lehenak. Ondoren, hogei bat suhiltzaile batu zitzaizkien Cordovilla, Altsasu eta Oronoz-Mugariko suhiltzaile etxeetatik etorritakoak. Hasieratik izan zituzten zailtasunak suari aurre egiteko, Mandoegi ingurua oso malkartsua da eta hori dela eta, sutea izan zen tokiraino oinez bakarrik irits zitezkeen. Ezustekorik ere izan zuten tartean, lanean ari zen Goizuetako suhiltzaile boluntario batek kea arnastu zuen eta herriko osasun zentroan artatu ondotik Donostiako Ospitalera eraman behar izan zuten. Dena den, ospitalean ordu batzuk eman eta gero etxean da dagoeneko.
Haize-bolada bortitzek helikopteroen lana ere eragotzi zuten eta arratsaldera arte ez zuten deskargak egiteko aukerarik izan. Eguneko tenperatura altuek eta landarediak hezetasun gutxi izateak, asko zaildu ditu sua itzaltzeko lanak. Atzo 16:30ak aldera sutea kontrolpean zegoela jakinarazi zuen Nafarroako Gobernuko Babes Zibileko Zerbitzuak, baina badaezpada ere, 20 bat lagunek bertan jarraitu zuten lanean.
Larreak erretzeko debekua astelehenera arte
Babes Zibileko Zerbitzuak Nafarroa osoan larreak erretzeko debekua iragarri zuen atzo sutea pizteko dagoen arrisku handiagatik, Foru Komunitateko iparraldean bereziki; izan ere, inguru horretan landaretzak hezetasun gutxi du, eta datozen egunetarako, tenperatura altua eta hegoaldeko haizea aurreikusita daude.
Gainera, mendirako irteeretan kontu handiz ibiltzeko gomenda-tzen du, bai eta Barranka, Baztan, Bidasoa, Leitzaran eta Pirinioetako landaguneetan ere, basoek su hartu ez dezaten.