Goizuetako suhiltzaile bat ospitalera eraman dute kea arnastuta

Ttipi-Ttapa 2015ko abe. 17a, 08:10

Mandoegi inguruan bart arratsean piztutako sua itzali gabe segitzen du

Goizueta eta Leitza artean, Mandoegi mendian atzo arratseko 8:30ean piztutako sua itzali gabe segitzen du. Bertan itzaltze lanetan ari zen Goizuetako suhiltzaile boluntario batek kea arnastu eta herriko osasun zentroan artatu ondotik Donostiako Ospitalera eraman dute. Hasiera batean, ez dirudi deus larria denik.

Atzo arratsean piztutako sua tarteka ibili den hego haize zakarrak indartu du eta Iruñeko suhiltzaileek eta Goizuetako suhiltzaile boluntarioek ezin izan dute oraindik itzali. Bazterrak idor daude gainera eta sutea gertatu den tokira ailegatzeko zailtasunak ez du laguntzen suhiltzaileen lanean.

Eguna argitu orduko airez ere itzaltzen saiatuko omen dira eta sutearen eboluzioa ikusiz, beste suhiltzaile parkeetako errefuertzoa eskatzea ere posible da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun