Astelehen arratsaldeko elkartasun ekitaldian irakurritako adierazpenak dionez, «ez da lehen aldia, eta aurretik ere ikusi ditugu Leitzako alkate zein herritarrak Madrilerako bidea hartu eta legeen interpretazio injustuengatik deklaratzera behartuak izatea». Oraingo honetan, 2015eko Pestetako programako agurra dela eta, gure alkateari 3 delitu egitea leporatu dizkiote, terrorismoa goratzea, prebarikazioa eta malbertsazioa. «Gartzela zigorra jasotzen duten akusazio larriak dira» gogoratzen dute.
Leitzako zineman bildu zirenek eta adierazpena sinatu dutenek ez dute delitu zantzurik hartzen Mikel Zabaleta alkateak «agurrean egiten duen eskubide zibil eta politikoen defentsan, ezta ere pertsona ororen askatasunaren eta giza eskubideen alde egindako adierazpen xamurrean».
Adierazpenak dioenez, «Leitzan, aspalditik bakean bizitzeko hautua egin genuen eta horrelako prozedura judizialek tentsioa besterik ez dute ekartzen. Ez dugu inondik inora ere onartuko, Leitzan bakoitzak bere iritzia emateko duen eskubidearen aurkako erasorik. Ez dugu onartuko ezta ere, Leitza eta bere ordezkariak behin eta berriz jo mugan jarriz inorrek abantaila politikoak ateratzen saiatzea».