Iker Salaberria goizuetarrak irabazi du gazte mailako Nafarroako lau eta erdiko txapelketa

Ttipi-Ttapa 2015ko abe. 4a, 09:33
Salaberria txapelduna eta Etxeberria azpitxapelduna, sari banaketaren ondotik.

Abenduaren 3an Labriten jokatutako finalean 11-18 irabazi zion Huarteko Pello Etxeberriari

Erreka taldearen izenean ari den Iker Salaberria goizuetarrak Guillermo Mazo txapelketa irabazi du. Bertze modu batean erranda, gazte mailako Nafarroako lau eta erdiko txapeldun berria da. Abenduaren 3an Labriten jokatutako dinalean 18-11 irabazi zion Huarteko Pello Etxeberriari.

 

Aipagarria da Salaberriaren garaipena, lehenbiziko urtea baitu gazte mailan.  1999an jaioa da, 16 urte bertzerik ez ditu, baina goizuetarrak erakustaldia eskaini zuen bera baino urtebete zaharragoa den Etxeberria menperatuta.

Partida gogorra jokatu zuten, 270 pilotakadakoa. Salaberriak 4 tanto egin zituen sakez eta Etxeberriak 2. Hasiera berdindua joan zen, eta bederatzinakoa izan zen azken berdinketa. Hor, 9-14 aurreratu zen goizuetarra, 11-14 hurbildu zen Huartekoa, baina azken lau tantoak segidan egin zituen Salaberriak.

Aipatzekoa da Salaberriak buruz buruko gazte mailako finala ere jokatu zuela duela hilabete eta erdi, baina galdu egin zuen Zugarraldeko Enaitz Antso oronoztarraren kontra. Hain zuzen, Guillermo Mazo txapelketaren finalaren aitzinetik, hirugarren posturako norgehiagoka jokatu zuten Enaitz Antsok berak eta Iosu Eskirotz taldekideak. Azkenean, Antsok 18-10 irabazi zuen eta hirugarren postua eskuratu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun