Euriak ez zuen Goizuetako Azienda Feria zapuzterik izan

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 30a, 12:29
Baserrietako barazki ederrak ere plazaratu zituzten Goizuetako feria egunean.

Eskulangileak eta kirol erakustaldiak eskolako frontoiko aterpera eraman zituzten

Urteko zita garrantzitsuenetakoa izan zuten larunbatean Goizuetan, Azienda Feri Egunaren hamabigarren edizioa, hain zuzen. Azienda, artisau eta nekazaritza produktuen postuak ikusgai izan ziren goizean zehar, baita trikitilariak, joare egileak, sagardo egileak, txurro egileak edo labaderoan Oihana Insaustik jarritako koadro erakusketa, Kultur Taldeak, Gazte Asanbladak, Gurasoak Guraso Elkarteak eta Umore Ona elkarteak, Udalaren laguntzaz antolatuta. Ikusi Felix Loiarteren argazkiak

 

Euriaren eraginez, eskulangileen produktu gehienak eskolako frontoira eraman behar izan zituzten. Azienda, artisau eta nekazaritza produktuen postuak ikusgai izan ziren larunbatean. Aziendei dagokienez, betizuak, ahuntzak, zerriak, akurik, astoak, zaldikoak, behorrak, untxiak, oiloak, ardiak… ikusteko modua izan zen. Yandeneko atarian dolarea prestatu eta sagardoa egiten erakustaldia ere eskaini zuten Bakerotarrek, iaz bezala. Horretaz gain, barazkiak, taloak eta baserrietako beste hainbeste produktu plazaratu zituzten.Joxe Mari ‘Tximistak’ eta laguntzaileek zerria hil eta puxkak egin zituzten. Inaxio Perurenak erakustaldia eskaini zuen harri jasotzen. Herri bazkarian, berriz, 435 lagun bildu ziren eta ondotik, ohikoa denez, zerriaren puskak zozketatu zituzten. Bazkaria eta bazkalondoa Elutxa txarangak alaitu zuen.

 

Egutegia

Azken urte hoietako ohiturari segituz, herriari estu lotutako gai bat hartu eta egutegia publikatu du Goizuetako Ezker Abertzaleak aurten ere, herriko dantzariei protagonismoa emanez aurtengoan. Ohi bezala, Feri Egunean jarri zuten salgai herriko etxe guzietan zintzilikatua egonen den egutegi eder hau.

 

Argazki lehiaketa

3 eta 16 urte bitarteko haur eta gaztetxoei zuzendutako argazki lehiaketa ere antolatu du Guraso Elkarteak, feri eguna gaitzat hartuta. Lanak g.elkartea@hotmail.com helbidera bidali behar dira abenduaren 15a baino lehen edo Goxaliko buzoian utzi. Irabazleak sorpresaren bat izanen du saritzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun