Nafarroako bertsolari berrientzako Xalto sariketa jokatuko da azaroaren 20an Goizuetan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015eko azaroaren 18a

Zortzi bertsolariak, Xalto Sariketa iragartzen duen kartelean.

Zortzi bertsolari ariko dira kantuan larunbatean Umore Ona elkartean eginen den afariaren ondotik

Azaroaren 20an hamahirugarren ediziora ailegatuko da bi urtetik behin egiten den bertsolari berrientzako Xalto sariketa. Goizuetako Umore Ona elkartean Nafarroako zortzi bertsolari arituko dira, ortziralean 21:00etan eginen den afariaren ondotik.

 

1985etik 2000ra bitarte jaiotako 8 bertsolari nafar izango dira kantuan: Patxi Castillo (Bera), Saioa Alkaiza (Iruñea), Iker Gorosterrazu (Ituren), Amaia Elizagoien (Oronoz), Egoitz Gorosterrazu (Ituren), Sarai Robles (Barañain), Manex Mailharin (Berriozar) eta Alazne Untxalo (Ituren).

Saioak bi zati izanen ditu. Lehenbizikoan zortzi bertsolariek kantatuko dituzte hasierako agurrak, zortziko handian binaka gaia emanda  bina bertso, zortziko txikian binaka ofizioka hiruna bertso eta lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian.

Bigarren zatian, puntuaziorik altuena duten bi bertsolariak arituko dira kantuan. Gaia emanda kopletan ariko dira, hiruna kopla osatu arte; bakarka gai bati, bina bertso eta bukaerako agurrak.

Saiorako sarrerak 15 eurotan eskuratzen ahal dira, aurrez erreserba eginez (nafarroa@bertsozale.eus) edo Goizuetako Amaia kafetegian.

Nafarroako Bertsozale Elkartea da Xalto sariketaren antolatzailea, Goizuetako udalaren eta Umore Ona elkartearen laguntzaz.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak urtero antolatzen dituen ekimenen artean txandakatzen diren Mariano Izeta sariketa eta Xalto sariketa daude. Horien helburu nagusia Nafarroako bertsolari gazteei kantatzeko aukera ematea da, haien bertsogintza ezagutarazteko eta gerora baliagarri izango zaien esperientzia har dezaten.

Hortaz, Izeta sariketa antolatzen ez den urteotan, Xalto sariketa jokatzen da. Sariketa Andres Narbarte “Xalto”ren omenez egiten da eta bere jaioterrian, Goizuetan.

Xalto sariketa 1992. urtean egin zen lehen aldiz; aurten hamahirugarren edizioa jokatuko da. Hamahiru edizio hauetan, bertsolarien harrobia izan da eta hala izaten segituko du. Julio Soto, Estitxu Arozena, Xabier Silveira… izan dira Xalto sariketa irabazi dutenetako batzuk. Duela bi urteko sariketan Barañaingo Mikel Lasartek jantzi zuen txapela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun