Duela 25 urteko antzerki emanaldia gogoratu dute Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2015eko azaroaren 17a

Duela 25 urte antzezle lanak bete zutenek omenalditxoa jaso zuten.

Azaroko Kulturaldiaren baitan, Nerea Erbitik eta Iñigo Agirrek musika emanaldi goxoa eskaini zuten Udaletxeko Ganbaran

Azken urteetan kultur ekitaldiz betea izaten da azaroa Goizuetan, Kultur Taldeak eta Umore Ona elkarteak antolatuta, Udalaren laguntzaz. Azaroko bigarren asteburuko ekitaldi nagusia, duela 25 urte ‘Goizuetan bazen’ antzerki emanaldiaren oroitzapena izan da. Garai hartako prentsa errekorte eta bideo emanaldiko irudien bidez gogoratu dute eta orduan antzezle lana bete zuten herritarrei ere omenalditxoa egin zioten larunbat arratsaldean eskolan. Bezperan, ostiral arratsean Ganbaran kantaldia eskaini zuten Nerea Erbitik eta Iñigo Agirrek. Ikusi Felix Loiarteren argazkiak

 

Aurrera begira

Azaroko Kulturaldiak segida izanen du egunotan ere. Halere, azaroaren 18an, asteazkenean egitekoa zen Birjinak ala putak? liburuaren aurkezpena eta Amaia Nausia egilearekin mintzaldia abenduaren 17ra atzeratu da.

Azaroaren 20an, bertsolariak izanen dira ostiral gaueko 9etatik aurrera Umore Ona elkartean, Xalto Sariketaren finala jokatuko baita.

Azaroaren 21ean, Leitzako Jeiki Abesbatzak emanaldia eskainiko du, larunbatean 19:00etan elizan.

Azaroaren 22an, Difret filma eskainiko dute igandean 19:00etan Ganbaran.

Azaroaren 28an, artisau, nekazaritza eta azienda feria eginen da, baina bezperan, azaroaren 27an Amama filma ikusteko aukera izanen da Ganbaran 19:00etan. Sarrera 2 euro kobratuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun