Eguraldi bikainak lagundurik, asko izan ziren baserritarrek eskaintzen zutena ikusi eta erostera bertaratu zirenak. Ekoizleak sasoiko produktuekin dotore jarriak zituzten postuak: sagarrak, azenarioak, intxaurrak, arrautzak, eztia, mota askotako arto eta banabarrak... eta aziendak ere, behiak, ahuntzak, ardiak, pottokak... ez ziren falta izan. Euren produktuak plazara ateratzen zituzten lehenengo aldia zen askorentzat eta ekoizle eta antolatzaileak gustura gelditu ziren jasotako erantzunarekin. Duela 20 urte inguru antolatu zuten azkenekoz Leitzan Baserritarren eguna eta igandeko azokarekin garai bateko giroa berreskuratu zen.