San Martin eguneko ospakizun borobila egin dute larunbatean Aranon

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 9a, 12:36
Megalitoen inguruan ibilbide berezia osatu zuten.

Azaroaren 7an, historia eta ospakizuna lotuz, San Martin eguna ospatu zuten Aranon. Eguraldia ezin hobea eta jendeak emandako erantzuna ere ona izan zen. Goizean megalitoen inguruan ibilbidea osatu zuten eta interesgarriak izan ziren oso Eureka Soluciones zahori taldekoek eta Suhar arkeologia elkarteko kideek bidean eman zituzten azalpenak. Bazkalondoan arkeologia tailerrean denetarik ikasteko aukera izan zen eta talo tailerrak ere ohiko arrakasta izan zuen. Ikusi argazkiak.

Goizeko 10etan plazatik abiatuta, ibilbide berezia osatzeko aukera izan zuten aranoarrek, Suhar Arkeologia Elkarteko, Ander Arrese, Beñat Iturrioz, Josu Zumeta eta Xabi Cuetaren eta Eureka Solucioneseko Iñaki Garijo zahoriaren azalpenak aditzeko aukera izan baitzuten. Plazatik abiatuta, Burninen egin zuten lehenengo geldialdia. Nonbait, bertako energiek gure gorputzari lasaitasuna eta ongizatea eragiten diete. Goizuetako partean dauden Urgaratako lepoko jentilbaratzak izan ziren aurrena ikusi zituztenak eta Añoneko trikuharrian ere geldialdia egin zuten.
 Errekalkotik Aranora bitarteko harrespiletaz ere gozatu ahal izan zuten Aranora buelta hegiz hegi eginaz.

Bazkal ondoan, Suhar Arkeologia Elkarteak emandako arkeologia tailerrean denetarako aukera izan zen: sua egin; mural zoragarri bat osatu herriko umeek lagundurik (mamuta, ehiztariak, okrea eta teknika berezi bat erabiliz, eskuak...) eta azkenik ehizarako erramintak nola egiten zituzten erakutsi eta bertaratutakoek lantzak jaurtitzeko aukera ere izan zuten. Gaueko talo tailerrak eta talo eta gaztain jateak betiko jendetza bildu zuen. Aurten, gainera, umeen taloak ederrak atera ziren, borobilak eta goxoak zeuden!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun