Azaroko Kulturaldia asteburu honetan abiatuko da Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2015eko azaroaren 5a

Jubilatuei eskainitako asteburua antolatu du Umore Onak. Mus eta truk txapelketetako finalek ikusmina piztuko dute, iaz bezala.

Jubilatuek bere asteburua ospatuko dute eta ostiralean ‘Yaman-en irrifarrak’ dokumentala ikusgai izanen da Ganbaran, beste ekitaldiekin batera

Azken urteetan kultur ekitaldiz betea izaten da azaroa Goizuetan, Kultur Taldeak eta Umore Ona elkarteak antolatuta, Udalaren laguntzaz. Azaroko Kulturaldia, aurten ere hilabeteko azken larunbateko artisau, nekazaritza eta azienda Feria Egunarekin borobilduko da. Hasteko, berriz, Umore ona elkarteak antolaturik, Jubilatuen asteburua eginen da azaroaren 7an eta 8an, beste zenbait ekitaldirekin batera.

 

Azaroaren 6an, ostiralean 19:00etan Ganbaran Yaman-en Irrifarrak dokumentala ikusgai izanen da Ganbaran.

Azaroaren 7an, larunbatean 17:00etan umeentzako jokuak eta txokolatada izanen dira frontoian eta 18:00etatik 20:00etara Ura eta zura erakusketa ikusgai izanen da Ganbaran. Jubilatuentzako mus eta truk txapelketa ere jokatuko dute arratsaldeko 4etan.

Azaroaren 8an, igandean, Jubilatuen Eguna izanen da. 11:00etan meza izanen dute. 12etan pilota partidua. Eta ondotik bazkaria, 10 euroren truke. Eguna bukatzeko, musika dantzaldia izango dute Ainhoa Zabaletaren eskutik.

Azaroaren 13n, 19:00etan Ganbaran kantaldia eskainiko dute Nerea Erbitik eta Iñigo Agirrek.

Azaroaren 14an, 19:00etan jangelan Goizuetan bazen antzerki emanaldiaren 25. Urteurrena.

Azaroaren 18an, Birjinak ala putak? liburuaren aurkezpena eginen dute 18:00etan jangelan.

Azaroaren 20an, bertsolariak izanen dira ostiral gaueko 9etatik aurrera Umore Ona elkartean, Xalto Sariketaren finala jokatuko baita.

Azaroaren 21ean, Leitzako Jeiki Abesbatzak emanaldia eskainiko du 19:00etan elizan.

Azaroaren 22an, Difret filma eskainiko dute 19:00etan Ganbaran.

Aipatu bezala, azaroaren 28an, artisau, nekazaritza eta azienda feria eginen da, baina bezperan, azaroaren 27an Amama filma ikusteko aukera izanen da Ganbaran 19:00etan. Sarrera 2 euro kobratuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun